Aitor Alberdi lider Arabako Itzulian

Guaixe 2018ko ira. 11a, 14:23
Aitor Alberdi eta Igor Arrieta denboraldi hasieran Amurrioko helmugan lehenak izan zirenean.

Aralar klubeko Intersport Irabia taldeko arbizuarrak Arabako Itzuliko lidergoa lortzeaz gain, Lukingo Udala Sarian hirugarrena izan zen

Aralar klubeko Intersport Irabia taldeko Aitor Alberdi txirrindulari arbizuarrarendako asteburu gozoa izan da hau, Arabako Itzuliko lider berria izatea lortu duelako eta Lukingo lasterketan hirugarrena izan zelako.

Kadeteen Arabako Itzuliko lehen etapa irailaren 1ean jokatu zen Arroiaben, 10 km-ko taldekako erlojupekoa. Aralar klubeko Intersport Irabia gailendu zen, Igor Arrietak, Aitor Alberdik, Martzel Etxeberriak, Mikel Lizasoain eta Jon Erdoziak egindako lanari esker (14:32). Bigarrena Burunda klubeko Quesos Albeniz taldea sailkatu zen, Hugo Aznarrek, Iker Mintegik, Unai Aznarrek eta  Oihan Etxeberriak osatutakoa (14:54). Igor Arrieta lehena sartu zenez, berak lortu zuen Arabako Itzuliko liderraren saria.

Igandean Arabako Itzuliko bigarren etapa jokatu zen Artziniegan, 60 km-koa. Esprintean erabaki zen etapa eta Aranako taldeko Erik Arroiabe gailendu zitzaion Intersport Irabiako Aitor Alberdiri. Iker Mintegi 9.a sailkatu zen, Unai Aznar 10.a, Igor Arrieta 11.a, Hugo Aznar 14.a, Martzel Etxeberria 36.a eta Mikel Lizasoain 43.a. Tartekako helmugen saria Aitor Alberdik irabazi zuen eta, horrekin batera Arabako Itzuliko lidergoa eskuratu zuen (1:42:29), Luyando-Ganzedo taldeko Mikel Beraza 23 segundora duela. Iker Mintegi laugarrena da, 34 segundora, Igor Arrieta 9.a, 1:30era, Martzel Etxeberria 10.a, 1:33ra, Unai Aznar 11.a, 1:50era, Hugo Aznar 12.a, 1:55ra eta Mikel Lizasoain 17.a da, 2:14ra.

Aitor Alberdi hirugarrena Lukinen
Asteburuan kadeteek eta juniorrek XLV. Lukingo Udala Saria jokatu zuten, 79 km-ko proba. Fundacion Lintxuko Santiago Cadavid gailendu zen esprintean eta Aralarko Intersport Irabiako Aitor Alberdi hirugarrena sartu zen, 5 segundora. Beñat Etxezarreta (I.I.) 5.a sartu zen, Igor Arrieta (I.I.) 8.a, Jon Gil (El Caserio) 9.a, Iker Mintegi (Quesos Albeniz) 14.a, Inhar Astitz (I.I.) 15.a, Iker Cerviño (I.I.) 19.a eta Unai Aznar 20.a. Taldeka Intersport Irabia izan zen onena.

Larunbatean kadeteak eta juniorrak Tafallan ariko dira, XIII. Suministro Urvaca Trofeoan.