Haurrei eta Nerabeei Arreta Emateko Ekipoak

Sakanako Gizarte Zerbitzuak 2018ko ira. 14a, 08:14

kolaboratzaileak

Irailetik aurrera Nafarroako Gobernuak bermatua eta doakoa den beste zerbitzu bat jarri du martxan gure eremuan: Haurrei eta Nerabeei Arreta Emateko Ekipoak (HNAEE) hedatu ditu Iruñerrian eta Foru Komunitateko Iparraldean, horrela  aukera lurralde osora zabalduz. Ekipo hauek gizarte-zailtasunean dauden gazteak artatuko dituzte, erdi-mailakoak direnean, larritasun txikienetako kasuak Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek landuko dituztelako eta larritasun handikoak direnak, arreta espezializatua behar dutenak, Familia eta Adingabeen Zuzendariordetzak.   
Helburua da haurrei eta haien familiei arreta ematea, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen eskumen eta baliabideak gainditzen diren kasuetan; adingabeen ongizatea eta dituzten beharrak bere osotasunean bermatzea dute xede, eta familiak elkarrekin mantentzea, behar duten laguntza emanaz. Gizarte langileek, hezitzaileek eta psikologoek osatzen dituzte lan-taldeak.
Beren zereginak dira Gizarte Zerbitzuei eta beste eragile soziokomunitarioei prebentzioan laguntzea, kasuen hautemate goiztiarrean, ikerketa, balorazio eta esku-hartzean, eta babeserako beharrezkoak diren baliabideak sortzea lan-sarearen bitartez. Beraz, HNAEEak, arreta eskaintzen diete haur eta nerabeei, familiei, Gizarte Zerbitzu eta eragileei.
Hemezortzi urtetik beherako haur eta nerabeei ematen diete arreta; sei urtetik beherakoek eta sei eta hamabi urte bitarteko haurrek dute lehentasuna, bai eta haurrak babesik gabe uzteko arrisku handia duten familiek edo guraso-figurek ere.