Pikotailuke

Katrin Ginea MundiƱano 2018ko ira. 14a, 08:22

kolaboratzaileak

Uda honetan makina bat jaialdi eta ikuskizunez gozatzeko aukera izan da han eta hemen. Ikuskizun mordo batez hitz egin nezake gaur, baina batean zentratuko naiz.
Abuztuan zehar Iruñean jaialdi pila ospatu dira, kaleetan eta dohainik gehienak. Jaialdi horietako bat Harresien jaialdia izan da. 3 astez kale ikuskizun andanaz gozatzeko aukera ezin hobea. Nabaria da oraingo udala kultura herritar guztiei iristearen aldekoa dela. Kalitatezko ikuskizunak denon eskura.
Kalitatezko ikuskizun horietako bat Oreka Tx-en Pikotailuke ikuskizuna izan da. Zoragarria. Ikuskizuna hitz larriekin. Abuztuaren 2an, Ziudadelako harresietan ikusi eta entzun genuena ez baitzen kontzertu soil bat izan. Harkaitzek sortutako abesti ederrek, Harkaitzek berak eta Mikel Ugartek egurra joaz, haurtzarora eramaten gintuzten. Bi hauek eta beste adinako 3 taldekideak garai bateko jostailuz jantziak zeuden. Marionetaz bi txalapartariak, parakaidistaz Iñigo, kristalezko bola baten barruan zegoen Juanjo eta ziba edo peonza zen panpinaz Mikel. Zoragarria ikuskizunaren eszenaratzea. Jantzietatik hasita eszenografiara, argiak, ingurua… Polita benetan.
Oreka Tx-i Kalakan taldekoa izandako Thierry Biscaryk laguntzen zion abesten, eta antzezlan lanetan Garazi Pascual zirku artista bere bi kideez lagundurik.
Ikuskizun mota guztiak ditut gogoko, txikiak eta handiak, hemengoak eta hangoak. Eta inork ez du ukatuko, edo nik behintzat ez, hemen ere kalitatezko gauza ugari egiten direla.  
Agian sarritan bihotzak arrazoiak baino gehiago agintzen du nigan. Eta Oreka Tx-en kasuan ere hori izan daiteke, lagun ditudalako. Bihotzak edo buruak aginduta, esan behar dut talde honen ikuskizun guztiekin gozatu dudala. Nork esan behar zidan niri Nomadak Tx pelikula ikustera joan nintzenean Harkaitz eta Igorrekin sarritan egingo nuela topo? Eskerrik asko Patxi eta lagunei dokumental hura ikustera gonbidatzeagatik.