Uharte Arakil Beriain Km Bertikalean izena emateko azken egunak

Guaixe 2018ko ira. 12a, 13:25

Irailaren 18ra arte eman daiteke izena, www.kirolprobak.com web gunean

Irailaren 23an jokatuko da Uharte Arakil Beriain Km Bertikala. Aurten proba ezagunaren 10. edizioa jokatuko da, eta aipatzekoa da aldi berean Nafarroako Kilometro Bertikalen Txapelketa izanen dela, indibiduala eta kluben artekoa.


Jakina denez, Uharte Arakildik (471 m) Beriain mendiko gailurrera (1494 m) igotzean datza proba, Autzasoroburu, Auntzaldapa eta Uharteko portutik. 5 km eta 1.023 metroko desnibel positiboko lasterketa motz eta esplosiboa. Izena emateko azken egunak dira hauek, irailaren 18ra arteko epea baitago www.kirolprobak.com web gunean inskripzioa osatzeko. 220 korrikalarirendako tokia du antolakuntzak eta, momentuz, 187 daude izena emanda. Txip horia duten federatuek 15 euro ordaindu beharko dituzte, txip gabeko federatuek 17 euro, txip horia duten federatu gabekoek 22 euro eta txip horirik ez duten federatu gabekoek 22 euro.

Igandean Olatzagutia-Urbasa ibilbidea egiteko hitzordua
Irailaren 29an jokatuko da Olatzagutia-Urbasa mendi lasterketa, Sutegik antolatutakoa. Aurten nobedadeak izango dira ibilbidean. Iaz bi aukera zeuden, 26,33 km-ko lasterketa eta 16 km-koa. Aurten, aldiz, kategoria guztiendako ibilbide bakarra prestatuko du antolakuntzak, 15 km eta 900 metroko desnibel positiboa duena. Bestalde, helduak mendi lasterketetan dauden bitartean txikienendako lasterketak antolatuko dira Olaztiko herrigunean. Ibilbide berria ezagutarazteko igandean, goizeko 9:30ean hitzordua jarri dute antolatzaileek San Migel plazan. Nahi duenak korrikan edo nahi duenak oinez egin ahal izango du ibilbidea.

Olatzagutia-Urbasan mendi lasterketan parte hartzeko izena ematea zabalik dago www.herrikrosa.eus web gunean, irailaren 28ra arte. Izena ematea irailaren 23a baino lehenago egiten bada 15 euro ordaindu beharko dira, eta irailaren 24tik 28ra, ordea, 18 euro.