Ergoienako Bira, atzerakontuan

Guaixe 2018ko ira. 13a, 13:43
Aurreko urtean Lizarragak hartu zuen Ergoienako Bira. Aurten Unanuren txanda izango da.

Unanu, Lizarraga eta Dorrao batzen dituen lasterketa irailaren 22an jokatuko da

Aste bat pasa falta da Ergoienako hiru herriak batzen dituen lasterketarako. Izan ere, irailaren 22an, hurrengo larunbatean jokatuko baita XIV. Ergoienako Bira, goizeko 10:00etatik hasita. Proba Sakanako Kopa-Lasa Kirolak Saria torneorako baliagarria izango da.

Aurten Unanu izango da lasterketaren abiapuntu eta helmuga. Lehenik eta behin, kategoria txikikoen probak jokatuko dira eta, ondoren, proba nagusia. Unanutik abiatuta, Dorraora joan, buelta hartu eta atzera Unanutik pasako dira korrikalariak, Lizarragaraino iritsi, Dorraora heldu eta, azkenik, Unanuko helmugara heltzeko. Guztira 8,5 km gorabeheratsu osatuko dituzte. Izena ematea probaren egunean bertan egingo da, lasterketa baino ordu bat lehenago, Unanun.