guaixe.eus

Los del Rayo eta lagunak Altsasuko festetan

  Kultura  Altsasu  Sakana

Irailaren 16an, igandean, Altsasuko Foru plazan Los del Rayo sinfonikoa kontzertua eginen dute rock taldeak, Haize Berriak bandak eta Erkudengo Ama Abesbatzak. 19:30ean izanen da emanaldia. Sorpresak egonen direla aurreratu dute

Kontzertu "berezia" da. Abenduan egin zuten aurrenekoz Los del Rayo sinfonikoa kontzertua. Altsasuko rock taldearen, Haize Berriak bandaren eta Erkudengo Ama abesbatzaren jotzeko eta abesteko modu desberdinak kontzertu batean batu zituzten. Emaitza "arrakastatsua" izan zen, Iosu Rubio Haize Berriak bandako kideak adierazi duenez. Orain, kontzertua kalean errepikatzeko "apustua" egin dute. Giroa ezberdina izatea espero dute; izan ere, Altsasuko festen baitan joko dute. Igandean izanen da, irailaren 16an, 19:30ean, Foru plazan.

Urteak zeramatzaten gaiari bueltak ematen, hau da, hiru musika taldeak elkarrekin zerbait egiteko nahian: "tabernetan elkartzen ginenean esaten genuen zerbait egin behar genuela, baina azkenean denbora pasatzen zen eta ez genuen egiten". Baina iaz, bai. 2017an Los del Rayo, Haize Berriak eta Erkudengo ama Abesbatzako kideak bildu ziren kontzertu bateratua egiteko. "Partiturak enkargatu genituen eta asko entseatu genuen". Hortaz, Los del Rayo abestien partiturak Jesus Mari Beltzak, Iñaki Ramosek eta Alberto Gonzalez Urrozek moldatu zituzten.

Kontzertuaren esentzia, beraz, Los del Rayo taldea da. Baina kontzertu sinfonikoan hiru musika estilo batu dira emaitza onarekin. Gainera, hiru taldeetako zaleak bildu dituzte. "Festetan 19:30ean joko dugu eta oraindik egunez da. Beraz, ez da gazteendako kontzertua ezta eguerdiko ikus-entzule helduendako ere". Ikus-entzule denetarikoa izatea espero dute musikariek.

Abenduan egindako bi saioetan Iortia kultur gunearen gela handia bete zen. Emanaldi arraskastatsua izan zen. Oraingoan kalean arrakasta errepikatzea espero dute. "Iruditu zitzaigun zerbait polita zela kalean egiteko, eguraldiak laguntza badu, noski".

Sorpresak
Agertokiaren gainean hiru musika taldeko kideak egonen dira, baita artista gonbidatuak ere. Iortia kultur gunearen gelatik plazara salto eginen dute, eta horrek lekuaren beharretara egokitzea dakar: "ez dakigu nola moldatuko garen. Eszenatokia handia da, baina estu egonen gara. Moldatuko gara". Parte hartuko duten pertsona guztiak kontuan hartuta taularen gainean 300 pertsona inguru egonen direla esan zuen Luis Orduña Haize Berriak bandako zuzendariak. "Txantxa da, baina asko izanen gara".

Los del Rayo rock taldearen Sangre en tu pared, El guardian de tus errores, Pienso en tus besos, No te puedo olvidar, Inocente pubertad eta Quiero decirte abestiak joko dute hiru taldeek. Gainera, Aurrera Altsasu abestia joko dute ere Enrique Zelaia akordeoilariaren eta Iñigo Aritza Ikastolako kantu taldearen laguntzarekin, besteak beste. Sorpresak izanen direla ere aitortu du Rubiok: "Kontzertuaren formatua ez da aldatu. Emanaldia bera izanen dela esan genezake. Baina, oraingoan, dantzariak egonen dira, artista gonbidatuak ere etorriko dira...". Aurreratu dutenez, "ganbaran" aurkituko dutenarekin eta "mareak" ekarriko duenarekin "primerako" arratsaldea pasaraziko dute.

Sinfonikoaren DVDa salgai
Haize Berriak bandaren haize eta bestelako instrumentuak, Erkudengo Ama Abesbatzaren ahotsak eta Los del Rayo taldearen gitarrak eta baxuak batuz Los del Rayo sinfonikoa kontzertua egin zuten abenduan eta, orain, zuzenekoaren DVDa salgai dago 10 eurotan.

Piezak
Sangre en tu pared.
El guardian de tus errores.
Pienso en tus besos.
No te puedo olvidar.
Inocente pubertad.
Quiero decirte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa

Laguntzaileak