Martija, Ezkurdia, Zabaleta eta Lasa gaur Altsasun

Guaixe 2018ko ira. 14a, 11:20

Aspek pilota jaialdi bikaina antolatu du gaur, ostiralean, 22:00etan, Altsasuko Burunda pilotalekuan. Aspeko pilotari sakandar guztiek jokatuko dute. Partida nagusian Altuna III.a eta Martija Ezkurdiaren eta Zabaletaren kontra ariko dira

Altsasuko festetako egun handian, gaur, ostiralean, pilota jaialdi bikaina antolatu du Aspek. Gaueko 22:00etan abiatuko da jaialdia, Burunda pilotalekuan, eta Aspen dauden pilotari sakandar guztiek hartuko dute parte. Horrela, gure pilotarien lana gertutik jarraitzeko aukera izango dugu.

Jaialdia zabaltzen duen partidan Adur Lasa lanean ikusteko aukera izango dugu. Etxarriarrak Retegi Birekin osatuko du bikotea eta P. Etxeberria eta Martinez izango dituzte aurkari. Ondoren iritsiko da partida nagusia, puntako protagonistekin. Aurreko igandean Errioxako Villamedianan ikusgarri aritu zen Julen Martija ariko da atzeko koadroetan; Etxeberrikoa Altuna III.arekin arituko da, eta Joseba Ezkurdia arbizuarra eta Jose Javier Zabaleta etxarrendarra izanen dituzte arerio. Martija eta Zabaleta oso lagun onak dira, primeran ezagutzen dute elkar eta, egun, atzelari onenen artean daude. Beraz, euren arteko lehiak katedraren interesa piztu du. Eta zer esanik ez Ezkurdiaren eta Altunaren arteko lehiak. Beraz, jaialdi bikaina dugu aurretik.

Sarrerak Burundako txarteldegian erosi ahal izango dira gaur Aurretik erosteko 661 259 009 telefonora hots egin behar da.

Logroñoko San Mateoak
Igandean hasiko da udako ferietako azken torneo garrantzitsua, Logroñoko San Mateo Torneoa. Aurten torneo mistoa antolatu dute Aspek eta Asegarcek, eta bi enpresetako jokalariak nahastuta osatuko dira Binakako Torneoan ariko diren 6 bikoak: Olaizola II.a-Zabaleta, Ezkurdia-Imaz, Altuna III.a-Aretxabaleta, Artola-Martija, Victor-Rezusta eta Elezkano II.a-Albisu. Bi multzotan banatuta ligaxka jokatu eta gero, multzo bakoitzeko onenek final handia jokatuko dute irailaren 23an.

Altsasun bezperan elkarrekin jokatu ondoren, igandean Ezkurdia eta Zabaleta elkarren kontra ariko dira Logroñon, Imaz eta Olaizola II.a bidaide dituztela. Martija, aldiz, astelehenean sartuko da lehian, Artolarekin batera, Altuna III.aren eta Aretxabaletaren kontra arituko da.

Bakaikoa, ardoaren desafioan
Irailaren 22an, larunbatarekin, Bodegas Domus Dei desafioa jokatuko da Logroñoko San Mateoen barruan. Lau t´erdian, Agirre eta P. Etxeberria lehiatuko dira; binaka, Irribarria eta oraindik zehaztu gabeko Aspeko atzelari batek Urrutikoetxea eta Mariezkurrena izanen dituzte aurkari. Eta buruz buru, Dario eta Joanes Bakaikoa etxarriarra lehiatuko dira.