Euskararen Lege berria aztergai

Guaixe 2018ko ira. 17a, 09:21

Kontseiluko ordezkariak manifestaziora deitzen. Argazkia: utzitakoa.

Nafarroako Parlamentuan Euskararen Lege berria egiteko batzordea lanean da. Kontseiluak euskara Nafarroa osoan ofiziala izateko manifestazioa deitu du lastailaren 27rako.

Legelariek, sindikatuetako ordezkariek, Euskaltzaindikoak, unibertsitate irakasleek, Behatokikoak… Apirilaz geroztik horiek guztiek euren iritzia eman dute Nafarroako Parlamentuan. Izan ere, bertan bada batzorde berezi bat eta haren egitekoa da Euskararen Lege berri baterako proposamena idaztea. Nafarroako Parlamentuak onartutako ebazpenean jasotako hiru printzipioak jaso beharko ditu proposamenak: herritarren hizkuntza eskubideak betetzea, hizkuntza zonifikazioa gainditzea eta ofizialtasuna Nafarroa osora hedatzea, lurraldean dauden errealitate soziolinguistiko desberdinak aintzat hartuta. Oporren ondoren, batzorde berezia lanera bueltatuko da etzi eta han iritzi gehiago entzunen dira.

Hori guztia jakinik Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak “nafar guztiei euskaraz bizitzeko eskubidea bermatuko dien ofizialtasuna” aldarrikatu du. Eta eskaera hori ozen zabaltzeko Iruñean manifestazioa antolatu du, lastailaren 27an, 17:00etan. Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok deialdiaren aurkezpenean esan zuenez, “behingoz, euskaldun guztiak bereizkeriarik gabe, berdin hartuko dituen egoera sortzeko aukera ikusten dugu. Euskaldunok indar egingo dugu herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatuko dituen egoera sortzeko”.

Aukera
Bilbaok gaineratu zuenez, “orain ikusten dugu aukera euskaldunondako egokia izango den egoera bermatzeko. Lege berria, hizkuntza-eskubideak aitortuko dituena, egin behar da. Lortu daitekeen zerbait dela uste dugu eta aukera hau pasatzen uzten baldin badugu, eragina epe luzekoa izango dela uste dugu”. Eta gaineratu zuen: “bada garaia urteetan egindako kaltea erreparatzeko”. Euskaldunak euskaraz bizitzeko zonifikazioa bukatzea eskatu zuen Kontseiluko buruak, “pertsonen arteko bereizkeria eragiten duen egoera” delako.

Kontseiluak egoera berrira pasatzeko elkarlanerako deia egin zuen: “guztioi eragiten digun zerbait den neurrian, guztioi dagokigu, bakoitzari bere lekutik, dagokiona egitea. Eragileekin partekatuko dugu egoera eta haiek ere honen parte izatea nahi dugu. Ildo horretan egingo dugu lan”. Eta dei zehatza egin zien alderdi politikoei: “neurri batean haien esku dago aldaketa. Euskaraz bizi nahi duten herritarrei erantzun egokia eman behar diete. Erantzukizunez jardutea dagokie, haien ardura baita. 2011n izandako jarrera errepikatu dezatela eskatzen diegu. Oposizioan zeudenean erakutsitako irmotasuna izan dezatela benetako aldaketa lortu ahal izateko”.

Bermatu baino, mugatu
1986an sartu zen indarrean Vascuenceren Legea eta, ondorioz, nafarrek euren “ hizkuntza-eskubideen urraketa sistematikoa pairatu” dutela nabarmendu zuen Bilbaok. Gogorarazi zuen legeak Nafarroa hirutan banatu zuela, eta, ondorioz, lurraldearen zati handi bat eskubidez gabetu zuela, euskaraz bizitzeko aukerarik gabe. “Ñabardurak-ñabardura” Nafarroak hirutan zatituta jarraitzen duela gogorarazi zuen.