Emakumezkoen elkarteei administrazio elektronikoa gerturatzeko tailerra

Guaixe 2018ko ira. 18a, 09:22

Irurtzungo kultur etxean izanen da hilaren 24an, astelehenarekin, 17:00etatik 19:30era.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren (INAI / NABI) bitartez, emakume-elkarteendako prestakuntza-tailerra antolatu du irailerako. Helburua da generoarekin lotutako eten digitala murriztea, ekipo informatikoak eskuratzeari eta gailuak eta Interneta erabiltzeari dagokienez. NABIk beharrezkotzat jo du prestakuntza hori ematea. Izan ere, urritik aurrera Administrazio Publikoen Prozedura Administratibo Erkidearen 39/2015 Legea aplikatzen hasiko da, eta lege horrek pertsona juridikoentzat halabeharrezkoa egiten du bitarteko elektronikoen bidez eta sinadura digitalarekin aritzea herri-administrazioekin, edozein izapide egitean.

Hori dela eta NABIk sinadura digitalari eta administrazio elektronikoari buruzko zazpi prestakuntza-saio antolatu ditu. Emakume-elkarteei zuzenduta daude ikastaro horiek. Bi ordu eta erdiko saioak dira eta haietako bat Irurtzunen izanen da. Saioan elkarte bakoitzaren sinadura digitala sortzeko eta izapide elektronikoetan erabiltzeko jarraibideak emanen dituzte.