Hobekuntza lanak Bioitza kanpinean

Guaixe 2018ko ira. 15a, 10:35

Kanpineko eta gobernuko arduradunak egindako lanak ikuskatzen. Argazkia: Nafarroako Gobernua.

Ur-hornidura bermatzeko 225.000 euroko lanak egin dituzte.

Nafarroako Gobernuko Turismo Zuzendaritza Nagusiak Urbasan dagoen Bioitza kanpinean hainbat hobekuntza lan egin ditu. Alde batetik, ur horniduran arazoak zeuden eta kanpinaren funtzionamenduari eragiten zion horrek. Horri konponbidea emateko ur bilketa egiteko putzu bat zulatu da. Punpa baten bidez 270 metroko sakoneratik hartzen da ura eta poliester-erretxinarekin aurrez fabrikatutako ur-biltegi batean gordetzen da. 65.000 litroko edukiera du, eta bi ganberatan zatituta dago, bakoitza 32.500 litrokoa. Haren aldamenean, etxola batean, beharrezko tresneria guztia jarri da.

Aurten arte kanpinak Urbasako Jauregitik gertu dagoen putzu batetik hartzen zuen ura. 9 kilometro hoditeria sarea zen. Konponketa garestia eskatzen zuen eta ez zuen kanpinaren ur-horniduraren arazoa konpontzen. Jocal SL enpresak putzua zulatu zuen eta Lakita SL enpresak, berriz, ur-biltegia jarri.

Azpiegituraz
Bioitza kanpina 1990eko hamarkadaren hasieran mustu zen, eta Urbasara kontrolik gabe iristen zen turismo “berdea” ordenatu eta kontrolatzeko bitarteko bat izan zen. Izan ere, mendia natura-parke izendatu zen 1997an. Kanpinak 556 laguni eman diezaieke ostatu. Horretarako,  zenbait ostatu-modalitate ditu: kanpaldi-eremua, aterpetxea, gela anizkoitzak edo bungalowak. 11.000 ostatu-gau egiten dira, gutxi gorabehera. Kopuru hori sendotu egin da azken urteetan.

Taberna-jatetxea du, eta aukera ematen du naturan jarduerak egiteko. Bisitariei zein bizilagunei eta parkean lan egiten duten langileei ematen die zerbitzua. Balio turistiko ukaezina du, baina baita ingurumen-balioa ere, kanpaldi libreak eragiten zituen inpaktuak kontzentratzen baititu. Nafarroako Gobernutik adierazi dutenez, kanpinak inguruko ibarren ekonomia garapenean laguntzen du. Sei langile finko ditu, eta beste sei langile hartzen ditu goi-denboraldian. Turismo jarduera sortzen du, eta merkataritza aktibatzen du tokiko hornitzaileetan.