Irurtzungo eta Arakilgo bertako ganadu azokak aurten seigarren edizioa izanen du eta hasierako azoka gardenaren espirituari eusten dio: “bertako ekoizleekiko apustua. Gure lurrarekiko, paisaiarekiko eta ondarearekiko apustua da azoka hau. Aldarrikapen hau gutxienez urtean behin Sakanara ekartzea oso garrantzitsua iruditzen zaigu. Baina egunerokotu behar den aldarrikapena da. Beraz, udalak, erakunde guztiak eta gizartea norabide horretan pausoak ematera animatzen ditugu”.
Sakanako Belardi ekoizleen elkarteko kide Aritz Ganboarenak dira aurreko esanak. Elkarte horrekin batera azokaren antolakuntza auzolanean egiten ari dira Arakilgo eta Irurtzungo Udalak, Nafarroako Gobernua, Sakanako Garapen Agentzia, Plazaola turismo partzuergoa, Idiazabal jatorri izendapena, Artzain gazta elkartea, Arbaso artisauen elkartea eta EHNE-Bizilur. Lehen sektoreari eta elikadurari buruzko hausnarketa zabaldu nahi duen esparrutzat jotzen dute azoka antolatzaileek. Bertako landa eremuarekiko eta bertatik sortutako produktuekiko jendearen inplikazioa handitu nahi dute.
Bost urteko ibilbidearen ondoren, azoka egonkortuta dagoela esan dute antolatzaileek. Aurreko urteetako arrakasta bera espero dute, horregatik, jendarteari igandean egun osorako prestatu duten egitarauan parte hartzeko gonbidapena egin diote. Ekoizleei zuzenean erosteko aukera izanen da eta haiei ekoizpenari buruzko galderak egiteko aukera izanen dute bisitariek.
Egitaraua
Goizean zehar
Nekazaritzako lanabesen erakusketa eta hori antolatzen duen elkarteak goxokiak botatzen dituen kanoia ekarriko du atzera ere; ohiko soka lantzea; Iskidiren mitologia-pertsonaiekin, joaldunekin, trikitilariekin eta gaitariekin kale animazioa; taloak; Irurtzungo, Arakilgo, Sakanako eta Plazaolako turismo informazioa; tailerrak eta ogibideak eta baserri jokoak.
Frontoi irekian, abereen gunea:
Latxa ardi arpeltz eta mutur gorriak (Aslana), Nafarroako rasa ardi (Arana) eta sasi-ardia (Sasiko), behi piriniarra (Aspina), nafar kasta eta betizua (Asbena), ahuntz pirenaikoa, euskal txerria, pottokak, Auritz arrazako zaldi-behorrak (Ascana), Nafarroako jaka (Jacana), euskal astoak eta euskal oiloak (Eoala elkartea). Azken horien hainbat mota izanen dira ikusgai. Gainera, elkartekoek bertako oiloen katalogazioa eta puntuazioa eginen dute.
Foru plazan, azoka gardena:
Belardiko eta EHNE-Bizilurreko hainbat ekoizlek postuak jarriko dituzte: Albi (ardi gazta), Balda-Artola (ardi gazta), Legarbe (karakolak eta barazkiak), Jeingenekoa (behi-esnekiak), Aitor Mendoza eta Oihane Rodrigo (euskal txerriak), Joxan (ahuntz gazta eta arrautza ekologikoak), Lorentxo Sarratea (euskal txerrikia), Karlos Zabala (marmeladak), Fungel Sutil (loreak eta landareak), Lakabe (ogia, pastelak eta pastak), Arizkuren (ukenduak eta produktuak), Ana Sabando (ukendu ekologikoak eta naturalak), Mendiko (ardo ekologikoa), Lodosa (pikillo piper erreak), David (marrubiak, fruituak eta barazkiak), Joseba (eztia), olio ekoizlea eta beste.
Lizarra eta Amaia kaleetan, erakusketak eta artisautza:
Erabili (ehuna), Anuahel (kosmetika), Larruzko Eskua (larrua), Cesar Errea (zura), El Txoko de la Artesania (kilikiak), EGN Creaciones (imitaziozko bitxigintza), IO.Zeramika (zeramika), Ttakun-Takun (jostailuak), Emeberhiru Bitxiak (bitxiginbtza), Artisai (ehuna), Zapatari (oinetakoak). Brun forjariak (forja erakustaldia) eta Eguzkilore Artisautza (makrame korapiloekin eskumuturrekoak egiteko haurrendako tailerrak).
Gazta lehiaketa
Bigarren urtez, Artzai gazta elkarteak lagunduta, gazta dastaketa eta herri-txapelketa izanen da, 12:00etatik aurrera plazan. Gazta onenarendako saria jendeak emandako botoekin erabakiko da aurten ere. Botoa ematen dutenen artean zozketa izanen da eta sariak banatuko dira 14:00etan. Brun forjaren oroigarriak jasoko dituzte gaztagile onenek.
Frontoiaren atzean:
Tradizioei loturiko baserriko joko eta jolasak.
Bazkaria eta herri kirol erakustaldia
Belardi elkarteko ekoizleek bertako produktuekin egindako herri bazkaria Barazkigunean 15:00etan izanen da. Txartelak igandean bertan erosteko aukera izanen da. Foru plazak, 18:00etatik aurrera, herri kirol erakustaldia hartuko du. Alde batetik, Irurtzungo harri-jasotzaile eskola izanen da. Haiekin batera Inaxio Perurena ariko da eta harriaren eta harri-jasotzearen inguruan azalpenak emanen ditu. Eta, bestetik, Razkin, Lizaso, Pagola eta Jauregi aizkolariak lanean ikusteko aukera izanen da.
Dokumentala
Sakanako ikastetxeetan zer jaten den, horri buruzko hausnarketa martxan dela jakinarazi zuen Ganboak: “zer egin daiteke jangela horietan gure haurren elikadurarekin?” Sakanako Garapen Agentzia eta zenbait guraso elkartek abiatu duten ikastetxeetako elikadurari buruzko sentsibilizazio kanpaina da hori. Horregatik, igandeko azokaren egitarauaren osagarri, antolatzaileek Nani More i Claraboiaren El plat o la vida dokumentalaren emanaldia eta solasaldia antolatu dute. Hiriberri Arakilgo kontzeju-etxeko erabilera anitzeko gelan ikusteko aukera izanen da heldu den ostegunean, hilak 20, 19:00etan. Sukaldari baten esperientziatik abiatuta eskola-jangela jasangarria posible dela azaltzen du dokumentalak. Joan den urtean izandako emanaldiaren segida da aurtengoa.
Aurkezpenean izan ziren, ezkerretik eskubira: Patxi Mikeo (Irurtzungo kultur teknikaria), Nerea Viana (Sakanako Garapen Agentziako elikadura teknikaria), Eduardo Brun (Brun forjakoa), Aitor Larraza (Irurtzungo alkatea), Aritz Ganboa (Belardi ekoizleen elkartea), Migel Angel Laplana (Arakilgo zinegotzia), Eduardo Murugarren (Irurtzungo zinegotzia) eta Maialen Martirena (Arakilgo kultura teknikaria).