Erbitiren Movistar Team, Vueltako talderik onena

Guaixe 2018ko ira. 17a, 12:28

Gorka Izagirre 29.a sailkatu zen eta Imanol Erbiti 92.a

Atzo despeditu zen Espainiako Vuelta. Hiriberriko Imanol Erbitiren Movistar Team taldearendako gazi-gozoa izan zen eguna. Gazia, Alejandro Valverdek Vuelta irabazteko aukera izan eta gero, Pirinioetako La Gallina mendateko txakalaldian lau minutu pasa utzi zituelako. Eta, gozoa, Jose Luis Arrieta uhartearrak zuzentzen duen Movistar Team Vueltako talderik onena izan zelako eta Valverdek erregulartasun maillot berdeari eutsi ziolako.

Simon Yates (GBR Mitchelton) britainiarrak irabazi du Vuelta, Enric Masi (Quick-Step9 1:46 eta Migel Angel Lopezi (Astana) 2:04 atera eta gero. Ziordian bizi den Gorka Izagirre (Bahrain) 29.a sailkatu zen, 1:14:48ra eta Imanol Erbiti 92.a, 3:10:45era, biek euren taldeburuendako lan itzela egin eta gero.