Ezkurdiak hasiera bikaina eman die San Mateoei

Guaixe 2018ko ira. 17a, 13:31
Altsasuko pilota jaialdian Ezkurdia, Zabaleta, Martija eta Altuna Altsasuko Gurasoekin atera ziren Burundako kantxara. Argazkia: Altsasuko Gurasoak.

Imazekin batera, 8 tantotan utzi zituzten Olaizola II.a eta Zabaleta. Altsasuko jaialdian Ezkurdiak eta Zabaletak  9 eta 22 irabazi zieten Altuna III.ari eta Martijari

Modu ikusgarrian eman die hasiera Joseba Ezkurdiak Logroñoko San Mateoei. Atzo hasi zen udako azken torneo garrantzitsua, eta bi enpresen arteko pilotariez osatutako bikote mistoak lehiatzen ari dira. Joseba Ezkurdiak eta Ander Imazek elkarrekin jokatu zuten eta primeran ulertu ziren biak, bikote sendoa osatu baitzuten eta 22 eta 8 irabazi baitzieten Donostiako Hiria Torneoa irabazi zuten Aimar Olaizolari eta Jose Javier Zabaletari.

Katedrak Olaizola II.a eta Zabaleta jotzen zituen faborito. Egia esan, txapelketa irabazteko bikote faboritoen artean daude. Baina partida hasieratik ikusi zen Ezkurdia eta Imaz arerio oso gogorrak izango zirela. Horrela, eta Adarragako ikusleen harridurarako, Ezkurdia eta Imaz aldea ateratzen hasi ziren eta inork espero ez bazuen ere, Olaizolaren eta Zabaletaren gainetik pasa ziren; Ezkurdiaren gantxoak eta tantoak ikusgarriak izan ziren eta Olaizolaren akatsak, aldiz, etengabekoak. Ezkurdiak eta Imazek primeran ulertu zuten elkar eta Olaizola eta Zabaleta, aldiz, ezinean ibili ziren. Horrela, 8 eta 22 irabazita, Ezkurdiak eta Imazek Elezkano II.a eta Albisu izango dituzte aurkari ostiralean. Aldiz, Olaizolak eta Zabaletak asteazkenean jokatuko dute Elezkano II.aren eta Albisuren kontra.

Gaur Martija sartuko da lehian
Gaur Julen Martija eta Artola sartuko dira lehian San Mateotako Binakakoan. Altuna III.a eta Aretxabaleta izango dituzte aurkari, 19:15ean hasiko den jaialdian.

Altsasun Ezkurdia eta Zabaleta nagusi
Altsasuko festetan Aspek antolatutako pilota jaialdiari dagokionez, giro beroa izan zen Burunda pilotalekuan. Hasierako partidan Etxeberriak eta Martinezek 22 eta 17 irabazi zieten Retegi Biri eta Adur Lasari. Ondoren Ezkurdiak eta Zabaletak Altuna III.a eta Martija izan zituzten aurkari. Pilotariak Altsasuko auzipetuen gurasoak alboan zituztela atera ziren kantxara, Altsasuko pilota zaleek biziki eskertu zuten keinua. Altunak eta Martijak ez zuten egun ona izan eta Ezkurdiak eta Zabaletak garaipen erosoa lortu zuten, 9 eta 22 irabazi baitzieten.