San Mateoak: Olaizolak eta Zabaletak irabazi eta Artolak eta Martijak galdu

Guaixe 2018ko ira. 19a, 10:00
Martijak eta Artolak irabazi beharra dute, Logroñon bizirik jarraitu nahi badute.

Gaur torneoko euren bigarren partida jokatuko dute Artolak eta Martijak Elezkano II.aren eta Albisuren kontra

Atzo Logroñoko San Mateotako Binakako Torneoko bi partida jokatu ziren, aurretik programatua zegoena –Olaizola eta Zabaleta Victorren eta Rezustaren kontra– eta bezperan, ekaitzarengatik, bertan behera geratu zena –Artola eta Martija Altunaren eta Aretxabaletaren kontra–. Gure ordezkariek txanponaren bi aldeak ezagutu zituzten.

Olaizola II.a-Zabaleta eta Ezkurdia-Imaz, berdinduta
Olaizola II.a eta Zabaleta Ezkurdiaren eta Imazen kontra kalbario latza bizitzetik zetozen, 8 tantotan utzi baitzituzten arerioek. Horrela, egoerari buelta ematera atera ziren hasieratik. Eta lortu ere. Beste egunean ez bezala, bikain egin zuten bat eta ikusgarri aritu ziren Victorren eta Rezustaren kontra. Etxarrendarrek atzean aise dominatu zuen eta hutsuneak zabaldu zituen, Olaizolak primeran aprobetxatu zituenak. Horrela, 22 eta 6 irabazi zuten eta San Mateotan bizirik geratzen direla erakutsi zuten. Euren multzoan, Ezkurdiak eta Imazek eta Olaizola II.ak eta Zabaletak puntu bana dituzte eta Victorrek eta Rezustak, aldiz, ezta bat ere ez. Ezkurdiak eta Imazek Victorren eta Rezustaren kontra ostegunean jokatuko duten partidak erabakiko du zein biko sailkatzen den igandean jokatuko den final handirako.

Artola eta Martija gaur irabazi beharrean daude
Beste multzoan, Artolak eta Martijak Altunaren eta Aretxabaletaren kontra jokatutako partida oso lehiatua izan zen. Lau pilotariak ikusgarri aritu ziren eta azken unera iraun zuen emozioak, edonork irabazi ahal izan baitzuen partida. Altunak eta Aretxabaletak aldea atera zuten (10 eta 1), baina Artolak eta Martijak egoerari buelta eman zioten (13 eta 11) eta parez-pare ibili ziren. Baina azken txanpan hobeto aritu ziren Altuna eta Aretxabaleta eta garaipena lortu zuten (22 eta 19). Gauzak horrela, eurek lortu zuten lehen puntua.

Gaur Artolak eta Martijak Elezkano II.a eta Albisu izango dituzte aurkari Adarragan, 19:15ean hasiko den jaialdian. San Mateotan bizirik jarraitzeko, irabazi beharrean daude Artola eta Martija. Bestalde, ostiralean Elezkano II.a eta Albisu Altuna III.aren eta Aretxabaletaran kontra lehiatuko dira eta hor erabakiko da multzoko zein biko sailkatzen den igandeko final handirako.

Gaurko jaialdia zabaltzen duen partidan, Adur Lasa Retegi Birekin ariko da Agirreren eta Salaverriren kontra.

Bakaikoa, ardoaren desafioan
Larunbatean Bodegas Domus Dei desafioa jokatuko da Logroñoko San Mateoen barruan. Lau t´erdian, Agirre eta P. Etxeberria lehiatuko dira; binaka, Irribarria eta oraindik zehaztu gabeko Aspeko atzelari batek Urrutikoetxea eta Mariezkurrena izanen dituzte aurkari. Eta buruz buru, Dario eta Joanes Bakaikoa etxarriarra lehiatuko dira.