Konfirmatuta: Etxeberria eta Erbiti Mundialetara

Guaixe 2018ko ira. 19a, 10:45

Junior mailako linea proban lehiatuko da Josu Etxeberria eta taldekako erlojupekoan Imanol Erbiti elitea

Irailaren 23tik 30era Munduko Txirrindularitza Txapelketak jokatuko dira Innsbrucken (Austria). Aurreko astean Espainiako selekzioarekin arituko diren aurrehautatuen zerrenden berri eman zen, eta aste honetan, aldiz, behin en zerrendak. Zerrenda horietan bi sakandar daude: juniorren mailan Aralar klubeko Intersport Irabia talde sakandarreko Josu Etxeberria txirrindulari iturmendiarra eta elite mailan Movistar Team taldeko Hiriberriko Imanol Erbiti txirrindularia.

Imanol Erbiti taldekako erlojupekoan ariko da igandean Movistar Team taldearekin, eta egiten duen lanaren arabera, Javier Minguez selekzionatzaileak banakako erlojupekoan hautatua izateko aukera izango du.

Junior mailan eta Francisco Javier Cerezo selekzionatzaileak hautatuta, Josu Etxeberria iturmendiarra lineako proban lehiatuko da, Carlos Rodriguez, Ivan Cobo, Jon Barrenetxea eta Pelayo Sanchezekin batera, irailaren 27an.

Ailetz Lasa bosgarrena Tafallan
Larunbatean kadeteen eta juniorren XIII. Suministros Urvaca Trofeoa jokatu zen Tafallan. Ford Garaje Modernoko Joseba Lopezek irabazi zuen, helmugara bakarrik helduta (1:25:07). Burundako Quesos Albeniz taldeko Ailetz Lasa ziordiarra bosgarrena sartu zen, Aralarreko Intersport Irabia taldeko Josu Etxeberria hamaikagarrena eta bere taldekide Josu Alberdi hamahirugarrena, 10 segundora. Bestalde, Jon Gil (El Caserio Valsay) 17.a sartu zen, Unai Aznar (Q.A.) 18.a, Inhar Astiz (I.I.) 27.a, Javier Mitxaus (I.I.) 28.a eta Imanol Galarza (I.I.) 38.a.