Altsasuko afizionatu mailako txirrindulari proban Unai Iribar txapeldun

Guaixe 2018ko ira. 19a, 13:58

Tarteko helmugen saria Rural Kutxa-Seguros RGA taldeko Eneko Aramendia iturmendiarrak jaso zuen eta aurten erretiroa hartuko duen Joseba Juango lakuntzarrari lore sorta oparitu zioten

Sociedad Deportiva Alsasuak Altsasuko festetako larunbatean antolatutako 89. Altsasu Txirrindularitza Probak azken unera arte mantendu zuen txirrindula zaleen interesa. Izan ere, esprint estuan erabaki zen proba, horren estuan, epaileek denbora luzea behar izan zutela irabazlea nor izan zen erabakitzeko. Zentimetro eskasengatik aldearekin eta bildutako ikusle guztien zalantzen ondoren, azkenean epaileek egiaztatu zuten Unai Iribar goierritarrak (AMPO) irabazi zuela Estatuko lasterketa zaharrenetarikoa den Altsasuko proba (2:50:45), afizionatuen mailako Euskaldun Torneoko azken lasterketa, hain zuzen. Bere atzetik sartu ziren Baque taldeko Mauricio Graziani eta Rural Kutxa-Seguros RGA talde sakandarreko Xavier Canellas.

Altsasukoa proba gogorra da (123 km). Afizionatuen mailako puntako 146 txirrindularik hartu zuten irteera eta 93 iritsi ziren helmugara. Altamira 5 aldiz igo behar izan zuten. Proba oso azkarra eta mugitua izan zen hasieratik, eta hainbat ihesaldi saiakera izan ziren, tartean Asier Ormazabal ziordiarrak egindakoa. Baina helmugarako 40 kilometroren faltan zazpi txirrindulari joan ziren ihesean, 2 minutuko distantziarekin. Tartean zegoen Rural Kutxako Eneko Aramendia iturmendiarra. Pentsatzekoa zen euren artean erabakiko zela Altsasuko trofeoa, baina ez zen horrela izan. “Bi kilometroren faltan ihes egindakoak harrapatu ditut. 500-600 metroren faltan Mauriciok ihes egin duela ikusi dut eta bere atzetik hasi naiz. Pentsatu nuen zerbait egin ahal nuela, baina irabaztea ez. Eta, azkenean, ahal izan da” adierazi zuen Iribarrek bukaeran, pozik, bere familiako kideez inguratuta. Valentziako Espainiako Txapelketara joango den txirrindulariak horrekin denboraldiari bukaera emango diola esaten zuen.

Sakandarren lana aintzat hartuz, Asier Ormazabal (Lizarte) 21.a sailkatu zen, Odei Juango (Telcom)  25.a, Eneko Aramendia (Rural Kutxa-Seguros RGA) 38.a, Pablo Villar (Telcom) 51.a eta Alex Unzilla (Telcom) 54.a. Euskaldun Torneoari dagokionez, Lizarte taldeko Martí Marquezek lortu du garaipena. Rural Kutxako Victor Etxeberria hirugarrena izan da. Bestalde, Lehendakari Txapelketa asteburu honetan erabakiko da Oñatin. Lizarteko Francisco Galvanek (134 puntu) eta Rural Kutxako Xavier Cañellasek (131 puntu) dute jokoan txapelketa.

Tarteko helmugak Eneko Aramendiarendako
Altsasuko Itzulira bueltatuz, probako talderik onena Baqué izan zen eta mendiko maillota AMPO taldeko Asier Etxeberriak jantzi zuen. Bestalde, Rural Kutxa-Seguros RGA talde sakandarreko Eneko Aramendia iturmendiarrak tarteko helmugen saria irabazi zuen.

Odei Juangok txirrindularitza utziko du eta SDAren omenaldia jaso zuen
Sari ematean Sociedad Deportiva Alsasuak Odei Juango lakuntzarra (Telcom) omendu zuen, 13 urte eta gero txirrindularitza utziko duelako. Aralar Txirrindularitza Taldean trebatu zen Juango eta Rural Kutxa-Seguros RGA eta Telcom afizionatuen taldeetan ibili da. Berak aipatu duenez, azken urteetan arazoak izan ditu erorikoak izan dituelako, eta, horretaz gain, polenari alergia dio. Horregatik, azaldu zuen beste denboraldi bati aurre egiteko ez duela bere burua prest ikusten.