Emakume askok egiten dute korrika. Beste asko ere animatuko ziren, baina korrika egiteko teknikak zeintzuk diren ez dakizkite, korrikan nola hasi, luzaketak… Emakumeei korrika egiteko beharrezko prestakuntza eskaintzeko duela 7 urte Sakanako Emakumeendako Atletismo Eskola antolatu zuen Sakanako Mankomunitateak eta erantzuna primerakoa izan zen.
Bi aukera: hastapena edo hobekuntza
Aurten ere Sakanako Emakumeendako Atletismo Eskola antolatu du Mank-ek 18 urtetik gorako emakumeendako. Horretarako, Altsasuko Udalaren, Iñigo Aritza ikastolaren eta Dantzaleku Sakana Atletismo Taldearen laguntza izan du.
Emakumeen Atletismo Eskolaren 7. edizioa izango da aurtengoa, 2018-2019 denboraldia. Urriaren 19an hasiko da eta maiatza bitartean, ostiralero atletismoaren nondik norakoetan trebatuko dira izena ematen duten emakumeek, Aitor Mozo Villanueva lakuntzarraren begiradapean. 17:15etik 18:00etara hastapen ikastaroa izanen da, atletismoan lehen aldiz murgiltzen diren emakumeendako, eta18:00etatik 19:15era hobekuntza ikastaroa, esperientzia dutenendako.
Urriaren 5era arte
Izena ematea zabalik dago, urriaren 5era arte, Mank-eko kirol zerbitzuan (948 464 866, kirolak@sakana-mank.eus).