Artolak eta Martijak bizirik jarraitzen dute

Guaixe 2018ko ira. 20a, 11:11

Partida onean, 19 eta 14 galtzen ari zirela partidari buelta eman eta 20 eta 22 irabazi zieten Elezkano II.ari eta Albisuri

Logroñoko San Mateoek aurrera jarraitzen dute. Atzo Artolak eta Martijak Elezkano II.a eta Albisu izan zituzten aurkari Adarragan. Bezperan Altuna III.aren eta Aretxabaletaren kontra 22 eta 19 galdu eta gero, San Mateotan bizirik jarraitzeko irabazi beharrean zeuden Artola eta Martija.

Atzoko partida ona izan zen, lehiatua, eta behetik gora egin zuten Artolak eta Martijak. 19 eta 14 aurreratu ziren Elezkano eta Albisu, baina Artolak eta Martijak ez zuten amore eman: 19 eta 18 gerturatu ziren hasieran, 20. tantoa Elezkanoren eta Albisuren aldera erori zen, baina azkeneko 4 tantoak segidan egin zituzten Artolak eta Martijak eta 20 eta 22 irabazi zuten.

Altunak eta Aretxabaletak eta Elezkano II.ak eta Albisuk bihar jokatzen duten partidan zer gertatzen den itxaron beharko dute Artolak eta Martijak, igandeko San Mateotako torneoko finalera sailkatzen diren edo bidean gelditzen diren jakiteko.

Gaur: Ezkurdia-Imaz vs Victor-Rezusta
Beste multzoan, gaur Joseba Ezkurdiak eta Imazek Victor eta Rezusta izango dituzte arerio 19:15ean hasiko den jaialdian. Ezkurdia eta Imaz lehen jardunaldian Olaizola II.aren eta Zabaletaren gainetik pasatzetik datoz –8 tantotan utzi zituzten torneoa irabazteko faboritoak zirenak– eta gaur Victorri eta Rezustari irabazten badiete zuzenean sailkatuko dira finalerako, Victorrek eta Rezustak galdu egin baitzuten herenegun Olaizola II.aren eta Zabaletaren kontra. Ezkurdiak eta Imazek galduz gero, biko bakoitzak garaipen bat izanen luke eta tanteoak erabakiko luke nor sailkatzen den igandeko finalerako.