Kirol egokitua eskainiko du Mank-ek

Guaixe 2018ko ira. 23a, 10:18

Kirola egitea gomendagarria dela ez dago zalantzarik.

Soinketan, igeriketan, musikoterapian eta psikomotrizitatean izena ematea zabalik dago Mankomunitatean. Bestalde, fibromialgia eta antzeko gaixotasunak dituztenei jarduera fisikoa eskainiko zaie

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak inklusibotasunean lanean jarraitzen du eta beste behin kirol egokitua eskainiko die behar bereziak dituzten sakandarrei.

Batetik, igeriketa eta soinketa eskola antolatuko dira Arbizuko kiroldegian, urriaren 1etik maiatzaren 15era, astelehenetan eta asteazkenetan, 17:00etatik 18:00etara. Aitor Mozok gidatuko ditu ikastaroak eta jarduera dohainik da. Hala ere, izena eman beharra dago Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan (948 464 866, kirolak@sakana-mank.eus).

Bestetik, behar berezi edo ezgaitasunen bat duten sakandarrei zuzendutako musika-terapia eta psikomotrizitate jardunaldiek aurten ere segida izango dute. Urritik aurrera, larunbat goizetan eskainiko da jardunaldia, 10:00etatik aurrera, Altsasuko Gaztegunean. Izena ematea zabalik dago urriaren 5era arte, Mank-eko Kirol Zerbitzuan. Milakolore elkarteko kideei elkarteak ordainduko die ikastaroa eta elkartekoak ez direnek 50 euro ordaindu beharko dituzte. Behin izena emanda, derrigorrezkoa izango da klasera joatea.

Fibromialgia eta antzeko gaixotasunendako jarduera fisikoa
Fibromialgia, neke kronikoa eta antzeko gaixotasunak dituzten pertsonendako jarduera fisiko espezifikoa da Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak eskainiko duen beste ikastaro bat. Irurtzunen, Etxarri Aranatzen eta Altsasun sortu nahi dira taldeak eta izena ematea zabalik dago, Kirol Zerbitzuan. Gaixotasun hauek dituzten pertsonei onura nabarmena ekartzen die jarduera fisiko espezifiko honek.