Unanutik abiatuko da Ergoienako Bira

Guaixe 2018ko ira. 21a, 13:39

Larunbatean, 10:00etan hasiko dira kategoria txikikoen lasterketak eta 11:00etan abiatuko da Sakanako Koparako baliagarria den 8,5 km-ko lasterketa, Unanu, Dorrao eta Lizarraga batuko dituena

Kirola eta atletismoa bulkatu eta Ergoienan ekitaldiak antolatzeko Ergoienako Bira antolatzea erabaki zuten bere garaian. Ordutik hainbat urte pasa dira eta nagusi egin da Ergoienako Bira, aurten 14. edizioa izango baita jokoan jarriko dena. Bihar jokatuko da, larunbatean, goizeko 10:00etatik aurrera, eta aurten Unanu izango du abiapuntu eta helmuga. Sakanako Kopa-Lasa Kirolak Atletismo Sarirako baliagarria den lasterketa da Unanu, Dorrao eta Lizarraga batzen dituena.

Ergoienako Udala da Ergoienako Biraren antolatzailea, Lasa Kirolaken laguntzarekin. Horretaz gain, makina bat komertzioren babesa izan dute. Goizeko 10:00etatik aurrera neska-mutilen probak jokatuko dira Unanun, eskoletatik abiatuko direnak, eta ondoren proba nagusiari ekingo diote gazteek eta helduek, 11:00etan, 8,5 km-ko proba gogorrari. Izan ere, Ergoienako hiru herriak lotzen ditu lasterketak. Aurten Unanuko eskoletan hasiko da, Dorraora heldu, handik buelta hartu eta atzera ere Unanutik pasako da, Lizarragako bidea hartzeko. Lizarragatik Dorraora joko dute korrikalariek eta handik Unanura, helmugara. Ibilbidea gogorra da, oso gorabeheratsua, eta izerdi asko bota behar izaten dute korrikalariek Ergoienako Bira irabazteko.

Indarrak behar bezala berreskuratzeko, korrikalariek auzate ederra izango dute zain. Sari banaketan, irabazleek bertako produktuen loteak eta oroigarriak jasoko dituzte eta korrikalarien artean ere loteak zozketatuko ditu antolakuntzak. Ergoienako Birarekin batera Ergoienako eguna ospatuko dute ergoendarrek eta lasterketaren ondoren bazkaltzera bilduko dira, eguraldiak laguntzen badu kalean. 60 pertsonatik gora daude izena emanda herri bazkarian.

Izena ematea proba hasi baino lehen
Ergoienako Biran parte hartzeko probaren egunean bertan eman beharko da izena, lasterketa hasi baino lehenago, Unanun.