Argindar hornidura hobetzeko lanak eginen dituzte

Guaixe 2018ko ira. 22a, 10:56
Etxarri-Altsasu argindar linea eta Altsasu urrunean.

Geltoki auzoko azpiestazioa eta Lastadin bukatzen den argindar linea lurpetik lotu nahi dira.

Altsasu eta Sakana aldeko energia elektrikoaren horniduraren kalitatea eta ahalmena hobetzeko asmoz Iberdrola Distribucion Electrica enpresak proiektua aurkeztu du. Altsasuko Geltoki auzoan dagoen transformazio azpiestazioa eta 30 KV-eko Altsasu-Etxarri 1 eta 2 zirkuitu bikoitzeko aireko argindar linearekin lotu nahi du Lastadi dermioan. Horretarako, enpresak lurpeko zirkuitu bikoitzeko 30 KV-eko argindar linea egin nahi du. 3 km inguruko luzera izanen du. Lanek 1.911.513,66 euroko aurrekontua dute. Egitasmoaren jendaurreko epea hilaren 10ean despeditu zen.    

Lurpeko linea berriak Geltoki kaletik Felix Arano kalera joko luke eta kaputxinoen egoitzaren eta Altzania ibaiaren artetik hegoaldera joko luke, eta autobia azpitik Idiazazpi dermiora joko du. Trenbideetako zubien azpitik hegoalderantz segituko du. Lineak ibaia gainetik pasako du eta kamioien aparkalekutik Ubagua dermiora joko du. Autobia azpiko pasatik Amandresororantz jo eta Errekabitarteko bidetik iritsiko da Lastadiko argindar dorrera.