Bernoako galtzada berreskuratzen

Bernoako galtzada azaleratzen segitzen dute

Guaixe 2018ko ira. 21a, 14:48

Bernoako galtza azalerazteko lanean. Argazkia: artxiboa.

De Amicita gobernuz kanpoko erakundeak Bernoako galtzadako auzolandegia antolatu du aurten ere. Bakaiku eta Iturmendi artean aritu dira Japoniatik, Turkiatik, Frantziatik, Alemaniatik, Errusiatik, Italiatik, Greziatik, Espainiatik, Mexikotik eta Amerikako Estatu Batuetatik etorritako boluntarioak. 14 kideko bi talde etorri ziren Burundako galtzadan lan egitera: adingabeena (garilaren 28tik agorrilaren 9ra) eta adinez nagusien taldea (agorrilaren 11tik 23ra). Iturmendiko parrokia-etxean hartu zuten ostatu. Nicolas Arbizu Gabirondo lanen koordinatzaile izan zen. Atzerriko gazteekin batera herrietako boluntarioak izan ziren, bai gazteak bai adinez nagusiak ere.

Bakaikuko beheko basoan 50 metrotan azaleratu zuten galtzada. Galtzada toki batean nondik zihoan ere opatu zuten. Baino baso lanak egiten ari zirenez, lanak Iturmendin zentratu ziren. Arbizuk esan digunez, galtzada desagertuta zegoen zati batzuetan harriekin haren nolabaiteko irudikapen bat egin dute. Beste zati batzuetan galtzada gainetik lurra kendu dute ere Mandubita aldean aritu ziren lanean. Ibarbeltzen zeudela, Dospelos errekalden, erregezaleek Dos Pelos koronela (Sebastian Fernandez de Lezeta) eta bere 126 militarrak non erail zituzten opatzeko saiakerak egin zituzten, momentuz alferrik.

Arbizuk azaldu digunez, “kultur gai gisa galtzadek garai batean izandako garrantzia kontuan hartzekoa da”. Horregatik, daramate lau urte galtzada azalarazten eta hala segituko dute. Haren ibilbidearen berri emanen duen informazio panelak jarriko dituzte herrietan aurrerago. Arbizu hari da edukiak prestatzen. Bestalde, Iturmendiko Udaletik galtzada azaleratzean lan egin duten boluntario guztiei eskerrak eman dizkiete. Egindako lana “herritarrendako akuilua eta bultzagarria izan delako. Izan ere, haren bidez gure ondarea eta kulturari balioa eman  eta haiek berreskuratzea zein garrantzitsua den gogorarazi digute denoi”.

Ibilbidea
Bernoa edo Berrenoako galtzadak Lizarraldea eta kostaldea (Donostia eta Pasaia) lotzen zituen. Bakedanotik Santa Marinan barna Iturmendira doa galtzada eta basoan barna Sakana Ataunekin lotzen du. Etxarri Aranatz eta Bakaikuko beheko basotik doan adarrak Bernoako galtzadarekin Iturmendiko Aizkibel-Mandabita dermioan bat egiten du. XIX. mendean Lizarrustiko errepidea egitearekin galtzadak garrantzia galdu zuen.