Zahartze aktiboa sustatzeko egitaraua

Guaixe 2018ko ira. 21a, 08:58
Bi emakume Etxarri Aranazko osasun etxearen paretik pasatzen.

Modu aktiboan eta osasungarrian zahartzeko bideak azalduko dira heldu den hilabeterako prest dagoen programazioan.

Sakanako Plan Estrategikoaren helburu nagusietako bat ibarraren espezializazioa da eta zehaztutako  aukeren artean zahartze aktiboa dago. Izan ere, gero eta zaharragoa den gizarte batean bizi gara. XXI. mendean pertsonen ehuneko gero eta handiago bat gero eta gehiago biziko da. Pertsona horiek osasun hobearekin eta bizi kalitate handiagoarekin bizitzea pertsonen, gizartearen eta osasun arloaren erronka garrantzitsua da.

Gaur egun adineko pertsona asko aktibo eta menpekotasunik gabe mantentzen dira haien azken egunera arte. Sakanan bizitza eredu aktibo eta osasuntsu hori zabaltzea beharrezko helburuetako bat da. Pertsonak ahalik eta denbora gehien, ahalik eta baldintza onenetan eta ahalik eta zerbitzu eta erraztasun gehienak izanda bizitzea ez da erraza Sakanan. Zailtasunetako bat demografiaren sakabanaketa da, hau da, jendea herri askotan bizitzea.

Bertan, Zahartze Aktiborako Estrategia
Horren guztiaren berri badute ibarreko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen hiru mankomunitateetan, Sakanako Garapen Agentzian eta arlo hori ezagutu edo horretan lan egiten duten eragileek. Horiek guztiek, Nafarroako Gobernuko Osasun eta Gizarte Eskubideen Departamentuaren babesaz, lanketa handia egin dute. Ondorioak izena du: Bertan, Sakanako Zahartze Aktiboaren Estrategia.

Haren barruan, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren eta Sakanako osasun etxeen eskutik, heldu den hilabetean zahartze aktiboari buruzko bi lanketa eginen dira ibarrean. Prestatutako programazio horren helburua da sakandarrek zahartzeaz informazio berria jasotzea, baliabideak eta gaitasunak garatzea eta ahalmen funtzional ahalik eta handienarekin zahartzeko. Zergatik? Adinduak pertsona aktiboak, autonomoak eta burujabeak izanik, ahalik eta luzaroen eta ahalik eta bizi-kalitate handienarekin bizitzeko.


Programazioa
Osasunez zahartzea tailerra
60 urtetik gorako sakandarrei zuzendutako tailerra da. Lastailaren 4an, 8an, 11n eta 15ean (ostegunak eta astelehenak), 17:00etatik 19:00etara, Altsasuko jubilatu elkartean izanen da, doan. 4 gai landuko dira: zahartze prozesua zertan datzan eta zer aldaketa dakartzan; gorputzaren zaintzan eragiten duten faktoreak, gure burua zaintzeko erak eta gorputzaren zainketa; gure gogoa eta gure emozioak zaintzea saioan nork bere burua zaintzeko irtenbideak eta neurri horiek egiaz hartzeko gaitasunak garatzea eta, azkenik, gure harremanak eta ingurua zaintzeaz pentsatzea eta horiek hobetzeko zein aukera dauden aztertzea eta norberaren plana egitea.  


“Nora goaz?” dokumentalaren emanaldia eta eztabaida
Sakanako gazte, heldu eta adineko guztiei zuzendutako zine-foruma. Lastailaren 18an, 17:30ean, Etxarri Aranazko kultur etxean, doan.

Izena emateko
848 423 442 telefono zenbakira hots egin edota idatzi escuelademayores@navarra.es helbidera.