Euskaltzaindia Burundan

Guaixe 2018ko ira. 21a, 09:08
Euskaltzainek Iñigo Aritza ikastola bisitatuko dute.

Urtero moduan Euskaltzaindiak Nafarroa Oinez festarekin bat egin du eta, horregatik, hilabetero egiten duen bilkura Burundan eginen du gaur. Baina horren aurretik euskaltzainek ikastola antolatzailea bertatik bertara ezagutzeko aukera izanen dute. Euskaltzaindiako kideak Iñigo Aritza ikastolan 09:30ean izanen dira. Arduradunekin hizketatu eta ikastetxea bisitatu ondoren, euskaltzainek Olatzagutira joko dute. Udaletxean lan-saioa izanen dute. Behin hura despedituta, Urdiainera bazkaltzera joanen dira. Mahaitik jaso eta Urdiaingo errota bertatik bertara ezagutzeko aukera izanen dute akademikoek. Eta han despedituko dute Burundako egonaldia.

Hainbat euskaltzainendako Olatzagutia ez da batere arrotza izanen, hainbat urtez Onomastika batzordea urtetan bertako kultur etxean elkartu izan baitzen, bi hilabetean behin. Bestetik, Guaixe astekarian jasotakoaren arabera, Euskaltzaindiak ibarrean egindako aurreneko ekitaldia 1923ko maiatzaren 21ean izan zen, Euskaltzaindiak Etxarri Aranatzen Euskal Jaia antolatu zuenekoa.

1983ko azaroaren 9an Blas Alegria idazlea omentzeko ekitaldia egin zuen Lakuntzan. Nafarroa Oinez dela eta, 2005eko irailaren 23an Altsasun eta 2009ko irailaren 25ean Etxarri Aranatzen bildu zen. Gaur egun bi sakandar euskaltzain urgazleak dira: Jose Luis Erdozia Mauleon eta Castillo Suarez Garcia.