Datorren hipoteka lege berria

Iratxe Kontsumitzaileen Elkartea 2018ko ira. 21a, 08:12

kolaboratzaileak

Hipotekekin arazo franko sortu eta gero, Gobernuak hipoteka lege berria egin nahi du. Gaurkoan ekarriko duen hainbat berrikuntza azalduko dugu.
Publizitateak interesa, maileguaren gastu guztiak eta lotutako aseguruak jakinarazi beharko ditu. Maileguen publizitate orok honako hauek jaso beharko ditu: interesa, aldakorra edo finkoa den, eta maileguaren guztizko kostuak jasotzen dituen gastu guztiak. Horrekin batera, maileguaren Urteko Tasa Baliokidea adierazi beharko da. UTB barneaan dauden konpromiso guztiak batu behar dira, adibidez, funtsen erabilera, errenboltsoak eta hitzartutako gastuak. Lotutako asegururik badago, publizitateak hala adierazi beharko du.
Idatziz jakinarazi beharko dira interes-tasa, zoru-klausula, eraketa-kostuak, ez-ordainketaren ondorioak eta dibisa anitzeko klausulak. Informazio hau araupetuko ohartarazpen fitxan jaso beharko da. Fitxa hau kontsumitzaileari eman beharko zaio gutxienez eskritura sinatu baino zazpi egun aurretik. Mailegu aldakorren kasuan, jakinaraziko dira ere egoera ezberdinetan ordaindu beharreko kuota eta polizaren baldintzak ere, lotutako asegururik badago.
Notarioak informazioa eman behar du sinatu aurretik. Kontsumitzailea notarioaren aurrean agertu beharko da, beranduenez, eskriturak sinatu baino egun bat lehenago notarioak eragiketa baimentzen duen notario-ziurtagiri bat igor dezan. Akta honek ezin izango du bezeroarentzat inolako kosturik izan. Gainera, kontsumitzaileak zazpi eguneko aurrerapenez eskuz idatzitako aitorpena egin beharko du maileguari buruzko informazio guztia jaso duela, arriskuak ulertzen dituela eta onartzen duela adieraziz. Erregistroak ezin izango du eskriturarik onartu aipatutako notario-aktarik gabe.
Derrigorrezko asegururik badago, bankuak mailegua eskaini behar du ere aseguru horiek gabe. Lege berriak hipoteka-mailegua derrigorrez beste produktuei lotzea debekatzen du, adibidez, aseguruei, aukerarik ematen ez bada mailegua bereiz kontratatzeko.
Hala ere, bankuak bezeroa aseguru bat izenpetzera behar dezake: maileguaren ordainketa-asegurua, hipotekadun pisuaren kalteei buruzkoa edo bestelako asegurua. Baina erakundeak beste polizak onartu beharko ditu bankuak eskainitakoen baldintza baliokideak badituzte.
Maileguaren amortizazio aurreratuagatiko komisioak murriztu edo ezabatzen dira. Interes aldakorreko maileguetan, bankuak bi aukera hauek izango ditu amortizazio aurreratuaren (osokoa edo partziala) gehienezko komisioak ezartzeko: % 0,5 amortizatutako kapitalaren gain lehenengo hiru urteetan edo % 0,25 maileguaren lehenengo bost urteetan. Tasa aldakorretik finkora aldatzeko komisioak ere nabarmenki murrizten dira.