Euskaraldian izen ematea zabalik dago

Guaixe 2018ko ira. 21a, 12:21

Euskararen erabilera handitzeko ariketan parte hartu nahi dutenek dagoeneko 10 herrietako batzordeetan edo www.euskaraldia.eus web orrian eman dezakete izena

Euskaraldian izen ematea zabalik dago


Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean sekula baino euskara gehiago hitz egitea eta entzutea da erronka. Ariketa hori proposatzen du Euskaraldiak, 11 egun euskaraz ekimenak. Euskal Herri osoan eginen den ariketa soziala da. Bere helburua euskararen erabilera handitzea da. Baina baita  hiztunen arteko komunikazioan dauden inertziak haustea ere. Hala, herritarren eguneroko harremanetan hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial eta kolektiboa da. Kolektiboa Euskal Herri guztian eginen baita.

Euskaraldian izena ematen dutenek aldez aurretik euren buruari galdera pare bati egin beharko diote: inguruko senide, lagun, lankide, auzokide eta bestelako pertsonekin zein hizkuntzatan hitz egiten du? Badakizu zure inguruan zenbat pertsonek ulertzen duten euskara? Bai bataren bai bestearen erantzunak dira uste baino jende gehiagorekin egin daitekeela euskaraz. Beraz, Euskaraldian parte hartzen dutenek 11 egunez bere inguruko eremu guztietan euskaraz hitz egiteko aukera izanen du, etxetik hasi, kalean eta lantokian segi, ikastetxean, lagunartean edo aisialdian ere. Horretarako bi baldintza besterik ez dira behar: 16 urtetik gorakoak izatea eta euskara ulertzeko gai izatea.

Bi protagonista
Ahobizi izatea erabakitzen duten pertsonek euskara ulertzen duten pertsona guztiei euskaraz hitz eginen diete, edonon eta edonoiz. Ahobizi eta Belarriprest ikurra daramaten guztiekin euskaraz hitz eginen dute. Txaparik eramaten ez badute ere, euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz ariko dira. Aurreneko hitza euskaraz eginen dute. Gertatuko zaie ez jakitea parean dutenak euskalduna den edo ez. Hala ere, ezagutzen ez dituzten pertsona guztiei ere aurreneko hitza euskaraz eginen diete. Gerta daiteke euskaraz eta gaztelaniaz erantzutea. Halakoetan, ulertzen duenez, Ahobiziek euskaraz hizketan segituko dute. 11 egunez ahobizi txapa eramanen dute gainean. 11 egunez ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egiteko prest eta gogoz zaude? Hala bada, ahobizi zara.

Belarriprestek haiekin euskaraz hitz egiteko gonbidapena eginen dute 11 egunez. Elkarrizketaren edo egoeraren arabera euskaraz edo erdaraz erantzunen dute. Baina ingurukoei euskaraz hizketatzeko eskatuko die, euskara ulertzen dute eta. Belarriprest txapa izanen dute aldean. 11 egunez ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egitea zail ikusten duzu eta askorekin euskaraz hitz egin arren beste askorekin erdaraz arituko zara? Baiezko erantzuna bada, belarriprest da zure aukera, eta ahobiziei babesa emanen diezu.

Ahobizi edo Belarriprest izatea ez dago hizkuntza gaitasunari lotuta. Euskaraz ongi moldatzen dena Belarriprest izan daiteke. Eta euskaraz ongi moldatzeko bidean dagoena ahobizi izan daiteke. Euskaraz hizketatzeko ariketa da gakoa. Bi rolak dira garrantzitsuak eta beharrezkoak.

Euskaraldian izena emandako herriak
Irurtzun, Uharte Arakil, Arruazu, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Urdiain, Altsasu eta Olatzagutia.