Ikasleak gelan zirela iritsi da Euskaltzaindiko ordezkaritza Iñigo Aritza ikastolara. Arduradunen harreraren ondoren, euskaltzainek ikastola bera ezagutzeko aukera izan dute. Hainbat gelatan sartu dira eta ikasleekin hizketan aritu dira, umorez. Euskaltzainek erakundearen egitekoa azaldu dute eta web orria berritu dutela jakinarazi diete. Eta haiek akademiari buruzko galderak egin dituzte eta Interneteko aterari “gabezia” opatu diote: jokoen falta.
Geletako giro animatuaren ondoren, kanpoko aldean dauden bi haritzen ondoan ekitaldia laburra izan da. Ikastolako abesbatzak Txomin Artolaren eta Joserra Gartziaren Aberriaren mugak kanta abestu dute. Ikastolako presidente Eneida Carreñok hitza hartu eta Euskaltzaindiaren eta euskara batuaren urteurrenak gogoratu ditu eta aurtengo Nafarroa Oinezekin lotu ditu: bizi. Andres Urrutia euskaltzainburuak esker oneko hitzak izan ditu. Euskaltzaindiko kideek ekitaldia despeditu aurretik haritza landatu ikastolan eta, gainera, haritz-bonsaia jaso dute opari. Ikusteko dago non bukatuko duen, baina Nafarroako ordezkaritza da aukeretako bat.
Ikastolakoak despedituta Olatzagutiko udaletxera joan dira. Han zain zituzten Iñigo Aritza ikastolara joaten diren lau herrietako alkateak, hau da, Urdiaingo David Oroz, Altsasuko Javier Ollo, Olatzagutiko Mikel Azkargorta eta Ziordiko Patxi Bengoetxea. Harrera horretan Burundako agintariek Miren Ustarroz eskultorearen lan bat oparitu diote Euskaltzaindiari: trikuharri bat, Aralarren dagoen Hartzabalen gisakoa.
Ondoren, euskaltzainek Olatzagutiko udaletxean hileroko batzarra egin dute. Hura despeditu eta gero, Urdiainen bazkalduko dute eta, despeditzeko herriko errota bisitatuko dute.