Merezitako txapeldunak, baina inork gustuko ez duen moduan

Guaixe 2018ko ira. 24a, 11:17

Ezkurdiak eta Imazek irabazi dute San Mateotako Binakako Torneoa, 9 eta 14 galtzen ari zirenean Altunak lesioagatik erretiratzea erabaki zuenean. Logroñokoaren ondoren, Iruñean jokatuko den Masters Codere torneoan murgilduko dira buru-belarri Joseba Ezkurdia eta Jose Javier Zabaleta

San Mateo Torneoan erakustaldi bikainak egin eta gero, merezita iritsi ziren Joseba Ezkurdia eta Imaz finalera. Berdin Jokin Altuna eta Andoni Aretxabaleta. Pilota zaleek final ikusgarria espero zuten eta hala izan zen lehendabiziko tartean. Atzeko koadroetan Imazek eta Aretxabaletak lehia estua zuten eta aurreko koadroetan bikain zebiltzan Ezkurdia eta Altuna. Final paretsua zen, eta bi bikoak parez pare zebiltzan. Baina gutxi iraun zuen festak.

“Laugarren edo bosgarren tantoan gindoazenean mina sentitzen hasi naiz ezkerreko besoko bizepsean eta min horrek gora egin du” azaldu zuen partida bukaeran Jokin Altunak. Amezketakoa erizaindegira sartu zen 7 eta 9 galtzen ari zirenean, eta nahiz eta Iñigo Simón medikuak eta Andoni Aretxabaletak erretiratzea gomendatu, beste saiakera bat egin zuen Altunak, 9 eta 14ean finala utzi eta erretiratzea erabaki arte. “Minarekin jarraitzen nuen eta sentsazioa nuen jarraituz gero lesioa larriagotuko ote zen. Pena handia izan da” nabarmendu zuen gipuzkoarrak. Ezker besoko bizepsean zuntz-haustura du eta bizpahiru aste egon beharko du bajan. Hastear dagoen lau t’erdiko txapelketan  bere parte hartzea zalantzan dago.

Ezkurdia, torneoko onena
Horrela, Ezkurdiak eta Imazek lortu zuten San Mateotako Torneoan gailentzea, baina inork gustuko ez duen moduan. “Pena handia izan da inori ez zaiolako gustatzen horrela irabaztea. Ezkerrarekin emateko beldurrarekin ikusten nuen Altuna” aitortu zuen Arbizuko aurrelariak. Nolanahi ere, Ezkurdiak eta Imazek Logroñoko torneoa irabaztea merezi dutela ez du inork zalantzan jartzen. Sekulako torneoa egin zuten eta finalean ere Altunaren lesioa baino lehen bide bikainetik zihoazen.
Joseba Ezkurdiak, torneoko pilotari onenaren saria jaso zuen.  

Masters Codere txapelketan aldaketak
Jokin Altunaren lesioak eragin zuzena du asteazkenetik larunbatera jokatuko den Masters Codere txapeketan. Denboraldiko pilotari onenek jokatuko dute Mastersa, eta Altuna zen horietako bat. Kontuak kontu, asteazkeneko finalerdian elezkano II.ak eta Rezustak Olaizola II.a eta Imaz izango dituzte aurkari eta, osteguneko finalerdian Ezkurdiak eta Zabaletak antolakuntzak gonbidatu duen bikoa, Urrutikoetxea eta Martija. Finala larunbatean jokatuko da, Navarra Arenaren mustutze ekitaldian.

Ardoaren desafioa, Asperendako
Larunbatean Bodegas Domus Dei desafioa jokatu zen Logroñon. Lau t´erdian, Asegarceko Joanes Bakaikoa etxarriarrak 22 eta 20 hartu zuen menpean Dario, partida oso gogorrean 20ra berdinduta joan eta gero. Baina beste bi partidak Asegarceko pilotariek irabazi zituzten. Binakakoan Urrutikoetxeari eta Mariezkurrena II.ari 10 eta 22 irabazi zieten Irribarriak eta Julen Martijak, eta buruz burukoan P. Etxeberria 15 eta 22 gailendu zitzaion Agirreri. Horrela, Domus Dei upategietako 1.200 botilak Aspek irabazi zituen.