Eguzkiak gogor jotzen zuela jokatu zen, larunbatean, XIV. Ergoienako Bira. Aurten Unanu izan zen probaren abiapuntu eta helmuga. Korrikalariek Unanuko eskolak izan zituzten bilgune, bertatik abiatu baitziren probak. Guztia antolatzen Ergoienako Udaleko ordezkariak aritu ziren, Dantzaleku-Sakana klubekoen laguntzarekin eta ergoendarrekin. Ergoienako Bira Udalak antolatzen du, Lasa Kirolak dendaren laguntzarekin eta makina bat komertzioren babesarekin.
Txikienetan, Rubio eta Martinez garaile
Hasieran kategoria txikiko lasterketak jokatu ziren. Bi lasterketa izan ziren, txikienena eta handixeagoena, eta guztira 20 neska-mutiko inguruk parte hartu zuten. Txikienetan Oier Rubiok irabazi zuen, Iñaki Lizarragaren eta Mikel Orrioren aurretik eta handitxoenetan, aldiz, Mikel Martinez gailendu zitzaien Ion Unai Gonzalezi eta Asier Solisi. Sari ematean guztiek sari bera jaso zuten, domina, eta guztien artean bertako produktuez osatutako loteak zozketatu zituzten.
Goizeko 11:00ak inguruan abiatu ziren helduak. Jakina denez, Ergoienako Bira Sakanako Kopa-Lasa Kirolak Atletismo Sarirako baliagarria den proba da eta lehen 10 korrikalari sakandarrek puntuatzen zuten, emakumezkoetan eta gizonezkoetan. 25 korrikalari irten ziren probak zituen 8,5 km-ak osatzeko asmoz eta horietatik 24 iritsi ziren helmugara.
Unanutik aterata, Dorraora jo zuten korrikalariek, handik buelta hartu eta Unanutik pasatzeko. Ondoren, Lizarragaraino heldu ziren, bertatik Dorraora joan ziren eta handik zuzenean Unanuko helmugara. Ibilbidea oso gorabeheratsua da eta lasterketa gogorra da Ergoienako Bira, parte-hartzaileek nabarmendu zutenez. Beroak proba are gehiago gogortu zuen.
Alda hasieratik aurrean
Ibai Aldak hasieratik hartu zuen aurrea, aldea mantentzen jakin zuen eta bakar-bakarrik iritsi zen helmugara (32:53). Hernaniarrak ia minutu t’erdi atera zion Imanol Ugartemendia bigarrenari (34:25). Iban Gonzalez urdiaindarra izan zen hirugarrena eta probako lehen sakandarra (35:08). Emakumezkoetan, aldiz, txapeldun sakandarra izan genuen, Maite Beregaña uhartearra (43:51), Erkuden San Martin etxarriarraren (44:20) eta Nerea Goikoetxearen (45:07) aurretik. Helmugan auzate bikaina zuten zain korrikalariek, indarrak berreskuratzeko behar-beharrezkoa izan zena.
Txapeldunek Unanuko inauterien pertsonaien kattolak jaso zituzten opari, eta bigarrenek eta hirugarrenek trofeoak. Korrikalarien artean bertako produktuez osatutako makina bat lote zozketatu zituen antolakuntzak.
Orain arte Sakanako Atletismo Koparako baliagarriak diren hiru lasterketa jokatu dira: Ziordiko V. Herri Krosa (maiatzak 19), XV. Aitzkozar Herri Krosa (maiatzak 26) eta Ergoienako Bira. Koparako baliagarriak diren lasterketa geratzen dira: Sakanako Herri Lasterketa (azaroak 3) eta Barrikarteren XXXVIII. Oroimenezko Lasterketa, Altsasun (abenduak 8).
Joxemari Mercero txapeldun Iruñean
Joxemari Mercero unanuarra Ergoienako Birako korrikalarietako bat izaten da, baina Ergoienako probak Iruñeko San Fermin Txikitoetako “Cross de los Carrozas” ezagunarekin bat egiten duenean Iruñean lehiatzen da Mercero. Lasterketa ezagun honetan 60 urtetik gorako korrikalariek har dezakete parte. Aurtergoa 38. edizioa zen, 66 eta 85 urte arteko lau korrikalari lehiatu ziren eta 79 urteko Joxemari Mercero izan zen Karmen eta Navarreria kaleak batu zituen lasterketan azkarrena. Unanuarra 14 alditan lehiatu da Cross de los Carrozas proban eta horietatik 12 irabazi ditu eta gainontzeko bitan bigarrena sailkatu da. Mercerok festetako zapia, txapela eta trofeoa jaso zituen eta “oso eskertuta eta kontentu” zegoela adierazi zuen.
Ergoienako Birako sailkapena
Gizonak
1.Ibai Alda 32:53
2.Imanol Ugartemendia 34:25
3.Iban Gonzalez 35:08
4.Jose Javier Maiza 35:19
5.Sergio G. De Eulate 35:50
6.Ivan Sobredo 37:46
7.Juan Carlos Gomez 37:47
8.Iñaki Alvaro 38:56
9.Jorge Rodriguez 38:56
10.Fco. Gomez 38:59
11.Gaizka D. de Garaioa 39:53
12.Oskar G. De Andoin 40:24
13.Javier Martinez 42:56
14.Santi Agirre 43:37
17.Jose Antonio Salgado 44:20
18.Angel Barandalla 44:47
20.Aitor Mozo 45:25
22.Juan Carlos Gomez 46:39
23.Asier Solis 52:30
24.Angel Auzmendi 52:52
Emakumeak
15.Maite Beregaña 43:51
16.Erkuden San Martin 44:20
19.Nerea Goikoetxea 45:07
21.Maite Zabaleta 46:18