Murua eta Azkorbebeitia azkarrenak Km Bertikalean

Guaixe 2018ko ira. 25a, 14:07

Beroa izan zuten etsai Uharte Arakil Beriain Km bertikala osatu zuten 215 korrikalariek. Oihana Azkorbebeitiak emakumezkoen errekorra apurtu zuen (48:54). Aritz Munarriz, Jose Luis Beraza, Erkuden San Martin eta Sakana Bizirik podiumera igo ziren. Inoiz baino jende gehiago bildu zen Beriaingo maldetan

Uharte Arakil Beriain Km Bertikalaren osasuna ezin hobea da. Urtero ikusmin gehiago pizten du probak eta horren isla da aurten, aldi berean, Uharte Arakilgo proba Nafarroako Km Bertikalen Txapelketa izan zela eta Euskal Herriko Km Bertikalen Txapelketako azken proba zela. Horrela, sari emate ekitaldia ia amaigabea izan zen, korrikalariek adi-adi jarraitu zutena.

Baina mugimendua ordu batzuk lehenago hasi zen. Goizeko 10:00etan ekin zioten probari irteera hartu zuten 216 korrikalariek. Kopuru mugatua du probak, eta horregatik korrikalari batzuk kanpoan geratu zirela adierazi zuten Aralar Mendi klub antolatzailearen ordezkariek. Ordurako Beriaingo magalak ikuslez betetzen hasi ziren. Unanuar batek adierazi zuenez, sekula ez zuten horrenbeste jenderik ikusi Beriain alderantz. Egunak laguntzen zuen, sekulako eguraldia egiten baitzuen, eta hori izan zen, hain zuzen ere, korrikalarien etsairik nagusiena: beroa. Tarteka 30 graduko tenperaturei egin behar izan zieten aurre partaideek, 5 km-ko eta 1.023 metroko desnibel positiboko igoera gogorrean.

Muruaren eta Azkorbebeitiaren erakustaldia
Aitor Osak lau aldiz irabazi izan du Uharte Arakil Beriain Km bertikala, aurreko urtean azken aldiz, eta gehiago ez zela arituko adierazi zuen. Berarekin entrenatzen den Iban Muruak -iaz bigarrena izan zen Beriainen– haren lekukoa hartu zuen eta bera izan zen Beriainera lehena iritsi zen korrikalaria (40:37). Hala ere, elgoibartarrak ezin izan zuen Osaren errekorra (39:54) hobetzerik izan. Hasieratik erritmo gogorra ezarri zuen eta bakarrik egin zuen aurrera. Minutu t´erdi atera zion Joseba Diaz azkoitiarrari (42:03) eta bi minutu pasa Iñigo Alzola arrasatearrari (42:46).

Emakumezkoetan Oihana Azkorbebeitiak ez zuen areriorik izan (48:54). 2016an Maria Zorrozak ezarritako errekorra (49:47) 27 segundotan hobetu zuen Abadiñoko korrikalariak. Bost minutu pasa atera zizkion Majida Maayouf gasteiztarrari (54:18) eta 6 minutu pasa Maricruz Aragon Murtxanteko korrikalariari (55:00). Egindako ahaleginaren isla, Maayouf nahiko justu iritsi zen eta Uhartera jaitsi eta gero osasun zerbitzuek artatu behar izan zuten.

Sakandarrak
23 sakandarrek osatu zuten Uharte Arakil Beriain Km Bertikala. Zegaman bizi den Beñat Katarain lakuntzarra bosgarrena sailkatu zen (43:13) eta Aritz Munarriz etxarriarra 17.a (47:26). Jose Luis Beraza uhartearrari dagokionez, 27.a iritsi zen, probako hirugarren beteranoa (48:25). Emakume sakandar bakarra aritu zen, Erkuden San Martin etxarriarra. Emakumezkoen sailkapenean 24.a izan zen (1:04:22).

Juniorretan Aitor Ajuria (44:32) eta Ane Iturria (56:27) izan ziren onenak eta beteranoetan Tedy Garzon (47:42) eta Maricruz Aragon (55:00). Jose Luis Beraza hirugarren beteranoa izan zen eta lehen uhartearra (48:25).

Sariak
Eguerditik aurrera Uharte Arakilgo plaza txiki geratu zen proban aritu ziren kirolariak hartzeko. Indarrak berreskuratzeko auzate ederra zuten zain, dutxekin batera. Sari emate ekitaldian lehendabizi probako sariak banatu ziren. Orain arteko txapeldunez gain, Aritz Munarrizek eta Erkuden San Martinek jaso zuten lehen sakandarren saria eta Jose Luis Berazak hirugarren beteranoarena.

Ondoren Euskal Herriko Km Bertikalen Txapelketako sariak banatu ziren. Kadeteetan Aitor Ugarte eta Ane Iturria izan ziren txapeldunak, juniorretan Aitor Ajuria eta Nagore Uribarri eta promesetan Joseba Diaz eta Uxue Loizu. Txapeldun handiak Joseba Diaz eta Oihana Azkorbebeitia izan ziren, eta beteranoetan Tedy Garzon eta Montse Vazquez izan ziren lehenak. Jose Luis Beraza uhartearrak Euskal Herriko hirugarren beteranoaren saria jaso zuen. Kluben txapelketan Zortzietako taldea gailendu zitzaion Sestao-Alpinori eta Txurregiri.

Munarriz, Beraza eta Sakana Bizirik Nafarroako Txapelketako podiumean
Azkenik, Nafarroako Km Bertikalen Sariak banatu ziren. Mikel Beunza izan zen Nafarroako txapelduna, Xabier Zarranz txapeldunordea eta Aritz Munarriz etxarriarra hirugarrena. Emakumezkoetan Uxue Loizu, Lucia Oskoz eta Amaia Segurola. Beteranoetan, Tedy Garzon dugu txapelduna, Jose Luis Beraza txapeldunordea eta Ramon Anaut hirugarrena. Emakumezkoetan, aldiz, Inma Sainz gailendu zitzaien Izaskun Sanzi eta Ana Reinari.
Kluben arteko Nafarroako Km Bertikalen Txapelketa Txurregik irabazi zuen, Sakana Bizirik bigarrena sailkatu zen eta A4xKM taldea.

Sakandarrak Uharte-Arakil Beriain Km Bertikalean
1.Iban Murua (Elgoibar)    40:37
5.Beñat Katarain (Lak)    43:13
17.Aritz Munarriz (Etx)    47:26
27.Jose Luis Beraza (Uhar) 48:25
37.Joxeja Maiza (Etx)    50:06
44.Alatz Agirre (Arb)    51:03
56.Jokin Bereziartu (Alts)    52:13
73.Patxi Cano (Alts)    54:24
74.Mikel Satrustegi (Arrua) 54:25
75.Ioseba Iza (Arb)    54:30
79.Jabi Gasanz (Alts)    54:47
81.Xuban Mendiola (Etx)    55:01
84.Iban Gonzalez (Urd)    55:32
89.Amaiur Ginea (Arb)    55:58
105.Iosu Garmendia (Etx)    57:19
108.Carlos Mañeru (Etx)    57:29
114.Fran Araña (Arb)    58:01
118.Ibon Ubeda (Etx)    58:21
151.Mikel Etxarri (Erg)    1:01:34
154.Xabier Etxeberria (Etx) 1:02:05
167.Mikel Beltza (Ergoiena) 1:03:31
168.Ibai Arrese (Etx)     1:04:01
171.Erkuden San Martin (Etx) 1:04:22
184.Aritz Jaka (Etx)    1:07:07