Euskaraz bizitzeko aukera mordoa daude

BABESTUTAKO EDUKIA 2018ko ira. 26a, 12:09

Euskara praktikatu nahi dutenendako edo euskaraz bizitzeko aukera berrien bila dabiltzan horiendako proposamen mordoa ditu AEK-k. Horretarako Praktikatu jarri zuen abian eta 2005az geroztik hainbat gune soziolinguistikotan euskarazko harreman-sareak sortzen eta ekintza-planak sustatzen
eta koordinatzen dihardute.

Praktikatun, mintzapraktika egitasmoak antolatzen dituzte, mintzalagun/berbalagun; euskararen transmisioari begira, familientzako gurasolagun programak; euskalkiak eta hitanoa ikasteko mintzataldeak ere bai. Horretaz gain, euskarazko harreman-sare berriak sortzen dituzte ekintza osagarrien bidez, hala nola, asteburuko egonaldiak, barnetegi ibiltariak edota zaletasunen (natura, kirola eta kultura) araberako interes-taldeak antolatuta.
Eskaintza

Mintzataldeak 5 edo 6 laguneko taldeak dira, parte-hartzaileen disponibilitatea, adina eta zaletasunak kontuan hartuta osatutakoak. Lagun giroan, eurek erabakitzen dute noiz eta non elkartu: kafetegian, paseoan…

Gurasolagunak dira familientzako mintzataldeak, eta helduak eta haurrak elkarrekin egiten dituzte jolasak, txangoak eta tailerrak. Asteburu-pasak ere antolatzen dituzte, urtean birritan, gutxienez.

Euskal kultura ezagutu eta euskara praktikatzeko beste aukera batzuk ere eskaintzen ditu AEK-k: hitzaldiak, irakurzale klubak, sukaldaritza, kantulagunak, dantza tailerrak… Kirolaren edo naturaren inguruko jarduerak ere badira: bizikletaz ibiltzeko taldeak, martxa nordikoa, berbabentura (eskia, eskalada, surfa…).

Inguruko euskaltzaleak batzeko ekimenak ere antolatzen dituzte, Mintzodromoak, esaterako, herriko plazetan.

Eta etxetik irten gabe hitz egiteko Mintzanet zerbitzua dago, bideo-konferentzia bidez aritzeko.

Hori guztia dohainik! Parte-hartzea debalde da eta gainera, abantaila mordoa eskura daitezke: emanaldietarako txartelak, opariak eta deskontuak (Aizu!, Argia, Berria eta Gaztezulo-ko harpidetzetan)... Ez geratu gogoz, euskaraz bizitzeko aukera mordoa daude eta.

AEK-ko kideek zera diote: "Praktikaturen historia gure jendearen historia da, gure ekipoarena, gure bezeroena. Baina, batik bat, egitasmoetan parte hartzen duten lagun guztien historia da. Haiekin batera ikasten dugu, gozatzen dugu, eta haiei esker profesionalki hazten gara. Zerbitzu sortzailea eta diziplina anitzekoa gara, etengabeko hobekuntzan murgilduta; eta, batez ere, euskaraz bizi daitekeela sinesten duen lantalde baikorra gara". Eta gonbidapena ere luzatu dute: "Zurekin lan egin nahi dugu. Horregatik, zure herrian, auzoan, elkartean edota lantokian mintzapraktika programak abiatu nahi badituzu, jarri gurekin harremanetan eta elkarlanean egingo dugu".