Euskara maila hobetzeko beharra duten haurrei laguntzeko gazte boluntarioen bila dabil Bortzirietako Euskara Mankomunitatea, hizkuntza mentoretza proiektu bat landu nahi baitu. Mentoretza haur eta gaztetxoei euren gaitasunak garatzen laguntzeko ibilbide luzea duen eta emaitza positiboak izan dituen estrategia bat da, eta Bortzirietan euskara errefortzua behar duten haurren euskararen erabilera sustatzea eta euskararekiko motibazioan eragitea du helburu.
Mentorearen eta haurraren arteko konfiantzazko eta lagun arteko harremanak bilatzea izanen da helburu eta komunikazio hizkuntza euskara izanen da.
Mentoreak, haur hauei laguntza, aholkua, laguntasuna eta errefortzu positiboa emanen diete, proiektuan parte hartuko duten bertze eragileen laguntzaz (ikastetxeak, Euskara Mankomunitatea eta Topagunea). Mentore bakoitzahaur batekin egonen da, bikoteak eginez. Bikote bakoitza astean behin bilduko da ordu eta erdiz, elkarrekin erabakitako aisialdi ekintzak egiteko. Astean zehar edo asteburuetan izan daiteke, haur eta gazteen aukeren arabera zehaztuko da ordutegia eta asteko eguna.
Parte hartzeko 948 634125era deitu edo euskara@bortziriak.eus helbidera idatz daiteke. Proiektu berri baten eraikuntzan parte hartu nahi duen Bortzirietako edozein gazte euskaldunek parte har dezake.