Aralarreko bi magaletako harremanak berpizteko artea

Guaixe 2018ko ira. 28a, 10:58

Azken muga arte jaialdia ospatu dute udan. Helena Santano, Sagri Mauleon, Rosa Arnanz eta Maite de Miguel artista sakandarrek parte hartu dute jaialdian

Artearen bitartez mugak apurtzea du helburu Azken Muga jaialdiak, baita artea landa eremuetara eramatea ere. Hortaz, artearen bidez bi mugetako herritarrak elkartu nahi ditu jaialdiak. Ekainean hasi ziren jaialdiaren ekimenekin Zarateko lepoan, Gipuzkoaren eta Nafarroaren artean. Muga "sinbolikoki" apurtzen zuten performance-a egin zuten bi mugetako dantzariek eta aktoreek. Apurketa horretan momotxorroak egon ziren.

Azken muga proiektua 2016an jarri zuten martxan. Mugaren inguruan gogoeta egiteko helburuarekin jaio zen. Landa eremuak husten ari zirela ondorioztatuta, Zarateko inguruan bizi ziren herritarrek zuten harremana berreskuratzea bultzatu nahi zuten, izan ere, Azkarate (Nafarroa) eta Bedaio (Gipuzkoa) artean hiru kilometro baino ez daude. Hortaz, muga batek banatzen baditu ere, herritarrek harreman ona omen zuten. Artea da mugen arteko harremanak berpizteko bidea. Artea bere adierazpen guztietan.

Azken Muga jaialdiko antolatzaileak Helena Santanorekin harremanetan jarri ziren. Jaialdian parte hartzeko gonbitea luzatu zioten, eta Santanok Artebide arte kolektiboari komentatu zion: "lau emakume agertu ziren prest jaialdian parte hartzeko". Azkaraten perfomance bat edo "interbentzio artistiko" bat egin behar zuten. "Helburua naturarekiko harremana zuen interbentzio bat egitea zen, batiere natura asko eraldatu gabe". Sagri Mauleonek, Rosa Arnanzek, Maite de Miguelek eta Helena Santanok parte hartu zuten.

Egun polita izan zela azaldu dute Mauleonek eta Santanok. "Zarateko lepora joan ginen eta gure interbentzioa egin genuen. Hainbat artistarekin hitz egiteko aukera izan genuen ere". Interbentzioan egingo zutena aurretik planteatu zuten, baina gero lekuan "eramaten utzi" zuten. Naturan ematen diren "hutsuneekin eta gorputzarekin" aritu ziren lau artistak. Hortaz, lurrean haien gorputzekin hutsuneak egin zituzten eta gero horiek hainbat materialekin bete zituzten, arte lanak sortuz. Ondoren, sua eman zieten. "Gure interbentzioa desagertuko da. Denborarekin joango da. Eta hori zen gure helburua ere". Naturan aurkitutako elementuekin egin zuten artelana.

Jaialdia ekainean hasi zen eta irailaren 24an amaitu zen. Hala ere, urtean zehar ekimenak egiten dituztela argitu du Santanok: "kontzertuak egiten dituzte, dantza jaialdiak... udan zehar arte plastikoak landu dituzte, baina denetarik egiten dute". Zarateko Zaretetxe bordan parte hartu zuten artisten erakusketa egin zuten ere. "Eskultoreak ziren gehienak".

Harremanak sortuz

Jaialdiaren mustutze ekitaldian momotxorroak egon ziren. Nafarroako eta Gipuzkoako muga apurtzeko perfomance bat egin zuten bi herrialdetako dantzariekin. "Oso polita izan zen. Nafarroako dantzariak alde batetik etorri ziren, Gipuzkoakoak beste batetik eta bat-batean momotxorroak agertu ziren muga apurtzeko nahiarekin".