Ezkurdia-Zabaleta edo Urrutikoetxea-Martija, nor sailkatuko da Codere Masterseko finalerako?

Guaixe 2018ko ira. 27a, 09:25

Gaur jokatuko dute Codere Masterseko bigarren finalerdia, 19:45ean Labriten hasiko den jaialdian. Elezkano II.a eta Rezusta dira Masterseko lehen finalistak, atzo Olaizola II.a eta Imaz 7 tantotan utzi eta gero

Atzo Codere Masterseko lehen finalerdia jokatu zen Labriten. Olaizola II.ak Imazekin osatu zuen bikoa, Elezkano II.aren eta Rezustaren kontra aritzeko. Elezkano II.ak eta Rezustak sekulako bikoa osatu zuten eta Olaizola II.aren eta Imazen gainetik pasatu ziren. Segurtasunez jokatu zuten, akatsak apenas egin gabe; atzeko koadroetan Rezustak agindu zuen eta aurrean ia guztia atera zitzaion ongi Elezkanori. Aldiz, atzokoa ez zen Aimar Olaizolaren eta Imazen eguna izan. Azkenean, Olaizola II.ari eta Imazi 7 eta 22 irabazi ondoren, Codere Masterseko finala jokatzeko sailkatu ziren Elezkano II.a eta Rezusta. Finala Iruñean jokatuko da, hain zuzen ere Arena Navarra aretoko frontoia mustuko du.

Beste finalerdia gaur jokatuko da, 19:45etik aurrera, Labriteko jaialdiko partida nagusian. Jokoan ariko diren 4 pilotarietatik 3 sakandarrak izango dira. Ezkurdia eta Zabaleta Urrutikoetxearen eta Martijaren kontra ariko dira, larunbateko final handiko txartelaren bila. Irabazten duenak irabazten duela finalean sakandarren bat egongo dela ziurtatuta dago.