Urriaren 22an hasiko da Sakanako Gazteendako Atletismo Eskola

Guaixe 2018ko ira. 27a, 13:40

Andoni Jaka izango da begiralea, astelehen eta asteazkenetan, Altsasuko Dantzalekun. Urriaren 11ra arte eman daiteke izena, Sakanako Mankomunitatean

Sakanako Mankomunitatea ahalegin berezia egiten ari da Sakanako Gazteendako Atletismo Eskola sortzeko. Izan ere, txikienendako atletismo eskolak despeditu eta gero, 16 urtetik aurrerako gazteak formazio gabe geratzen dira. Hutsune hori betetzeko sortu du Mank-ek Sakanako Gazteendako Atletismo Eskola, 16 urtetik 35 urte bitarteko gazteendako.

Urriaren 22an hasiko da lanean Sakanako Gazteendako Atletismo Eskola. Andoni Jaka Irurtzun begiralearekin trebatuko dira gazteak atletismoan, astelehenetan eta asteazkenetan, 16:30etik 17:30era, Altsasuko Dantzalekuko atletismo pistan, maiatzaren 15era arte.

Izena emateko
Izena ematea zabalik dago urriaren 11ra arte, Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan (948 464 866 edo kirolak@sakana-mank.eus). Prezioa: 50 euro.