Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Nafarroako korridoreko lanei udan berrekin diete. Tren azkarraren proiektua salatzeko AHTren kontra dauden Nafarroako hainbat taldek deialdia egin dute: larunbatean, 11:00etan, Marcilla ondotik AHTko lanetara martxa eginen dute. Deialdiaren leloa AHTren lanak gelditu orain!!! da.
Deialdiarekin bat egin duen taldeetako bat Sakana Trenaren Alde da. Mobilizaziora joateko autobusa antolatu du. 08:30ean Altsasuko geltokitik abiatuko da eta Etxarri Aranazko (08:40), Lakuntzako (08:45) eta Irurtzungo (09:00) autobus geltokietan jendea jasoko du. Taldetik jakinarazi dutenez, oraindik tokia badago. Martxaren abiapuntura 10:30ean iritsiko dira. Ordurako hamarretakoa iragarria dago eta jatekoa eramateko gomendatu dute. Bueltarako autobusa 13:00etan abiatuko dela gaztigatu dute.