Gobernuaren superabitarekin bost lan eginen dira

Guaixe 2018ko ira. 29a, 10:16
Bi emakume Etxarri Aranazko osasun etxearen paretik pasatzen.

Finantza arlotik jasangarriak diren inbertsioen plana aurkeztu zuten Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta I-Ek Nafarroako Parlamentuan ostegun arratsaldean. 113 milioiko inbertsioak egitea aurreikusten du foru gobernuari eusten dion laukoak. Nafarroako Gobernuaren kontuek superabita izan zuten joan den urtean. Baina Espainiako Aurrekontu Egonkortasun Legeagatik ezin erabili zituzten. Gobernuaren kontuen kudeaketa egokiak lortu du inbertsioak egiteko aukera. Laukoaren asmoa da inbertsio plana Parlamentuak lastailaren 4ean onartzea. Baina horretarako Espainiako Gobernuaren oniritzia beharko du, gastu-araua betetzen duela.

Laukoak onartutako planean, Toki Azpiegitura Planak finantzatzeko 20 milioi euro daude. Horien bidez, Sakanako udalek lanen bat egiteko aukera izan dezakete. Hala balitz udalek lanak abenduaren 31 baino lehen eman beharko lituzkete. Gainontzeko 93 milioiak planak zerrendatu dituen inbertsioetara bideratuko dira. Tartean Sakanako bost daude. Alde batetik, Osasun Departamentuak Etxarri Aranazko osasun etxeko galdara aldatzeko 22.000 euro bideratuko ditu. Bestetik, Hezkuntza Departamentuaren hiru lan aurreikusi dira: Arbizuko eskola publiko berria (3.402.675 euro), Altsasun dagoen Sakana Lanbide Heziketa institutua zaharberritzea (50.000 euro) eta Altsasu institutuan kirol pista (55.000 euro). Azkenik, Ekonomia Garapenerako Departamentuak Irurtzunen eta Lodosan industriarako zorua egokitzeko hasitako lanek segituko dute (5.000.000 euro).