25 urte Sakana bizikletaz zeharkatzen

Guaixe 2018ko ira. 28a, 14:15

Igandean 25. Sakana Bizikleta Eguna antolatu du Sakanako Mankomunitateak, Barranka, Burunda eta Aralar txirrindularitza taldeen laguntzarekin. Irurtzundik abiatuko da 9:00etan eta Altsasura iritsiko da ordu bata pasa, Zamartzen geldialdia egin eta gero. 25 urte hauetako laguntzaile eta parte-hartzaileei esker ona adieraziko zaie

25 urte beteko ditu Sakanako Bizikleta Egunak. Gure bailaran txirrindularitza sustatzeko jaio zen eguna dagoeneko sendotu da. 25 urte hauetan eguraldi ona, txarra, haizetsua… denetatik ezagutu dute bertan parte hartu dutenek, baina bizikleta hartzera animatu dira beti.  “Jarduera ezaguna bilakatu da, jendea zain egoten da Sakana Bizikleta Eguna heltzeko eta behin parte hartzen duenak errepikatzen du” nabarmendu zuen astearteko aurkezpenean Sakanako Mankomunitateko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak.

Mankomunitateak antolatzen du eguna, Sakanako hiru txirrindularitza taldeen laguntzarekin eta aurten Irurtzungo eta Altsasuko Udalen laguntzarekin, bi herri hauek izango baitira Sakanako Bizikleta Eguneko abiapuntu eta helmuga. Barranka Txirrindularitza Taldeak egiten du lan gehiena: ibilbidea zehaztu, egunean ibilbidearen kontrola eman eta beste– eta Burunda eta Aralar klubek dituzten baliabideak jartzen dituzte eskura –ibilgailuak eta beste– eta antolaketan laguntzen dute. Burunda klubeko Joxean Begiristain eta Aralar klubeko Maria Asun Erdozia ere egon ziren aurkezpenean.  “Sakanan txirrindularekiko zaletasun handia dago, eta hiru klub hauek horren erakusgarri dira. Aspalditik daude martxan eta izugarrizko lana egiten dute; primerako txirrindulariak daude Sakanan, maila handikoak, klubek egiten duten lan onari esker” nabarmendu zuen Gerrikagoitiak.

Irurtzun-Altsasu (41 km) eta atsedena Zamartzen
Bizikleta sustatzeaz gain, ibilbide ez lehiakor batean goiz atsegina pasatzea da egunaren beste asmoa, lagunartean gure bailara ezagutuz. Ibilbidearen izenak dioen bezala, “Sakana Bizikletaz ezagutzen”. Sakanako Txirrindula Eguna igandean goizeko 9:00etan abiatuko da Irurtzundik, eta 41 km osatu ondoren Altsasun despedituko da, ordu bata pasatxo. Zailtasunaren aldetik erdi mailakoa da, nahiko erraza.

Aurten Zamartzen egingo da atsedenaldia. Partaideek ogitartekoa eramango dute, eta antolakuntzak freskagarriak banatuko ditu. “Zamartzeko eliza eta museoa zabalduko dizkigute eta bisita egiteko aukera izango dugu. Izan ere, bere kokapenagatik Sakana beti izan da pasabide historian zehar, hasi erromatarren galtzadetatik eta gaur egungo autobidera arte. Erromatarrek Astorga eta Bordele lotzeko eraiki zuten galtzadaren gainean, Erdi Aroan Done Jakue bide zaharra sortu zen, eta bide horrek Sakanan utzi zituen erromanikoaren aztarnak ezagutzeko aukera izango dugu, kasu honetan Zamartze” aipatu zuen Gerrikagoitiak. Mikel Gartziandia, Jose Andres Izak eta Zamartzeko museoko Pilar mojak emango dituzte Done Jakue bideko Zamartzeren inguruko azalpenak.

Aurten, Lakuntzatik Arbizura zuzen joan beharrean, Sakana Kooperatibako atzeko bidetik aurrera eginez Lizarragabengoara joko du Sakanako Bizikleta Egunak, han buelta hartu, Arbizura igo, eta ohiko bide eta xendetatik Altsasura heltzeko. Txirrindulariek antolakuntzak zehaztutako ibilbidea jarraitu beharko dute, segurtasuna bermatzeko.

Egun jendetsua espero da: 300 pertsona daude izena emanda
Amaia Gerrikagoitiak nabarmendu zuenez, “egun oso jendetsua espero da. Familia eta lagun talde asko apuntatu dira, jende asko”. Jakina denez, LH 5 mailatik aurrera, 10 urtetik aurrera, bakarrik joan daitezke haurrak, eta hortik behera heldu baten laguntzarekin. Irailaren 24an bukatu zen izena ematea eta arrakastatsua izan da. 300 pertsona daude izena emanda. Egunean parte hartzeko aurretik izena eman beharra dago. Dohainik da, baina behar den azpiegitura –autobusak, kamioiak…– eta batez ere asegurua ordaintzeko da beharrezkoa inskripzioa egitea.

Igandean mendiko bizikleta erabili beharko da eta derrigorrezkoa izango da kaskoa jartzea. DYAk eta Foruzainek zainduko dute ibilbidea, eta martxan parte hartu baino lehenago bizikleta puntuan jartzeko deia egin dute antolakuntzatik. “Mekanikoa egonen da, baina eguneko gurpil zulaketak eta uneko arazoak konpontzeko, ez bizikleta doitzeko. Matxura handien kasuetan, bizikleta kamioian igo eta uneoro atzetik doan autobusean igo beharko dira parte-hartzaileek” adierazi zuen Gerrikagoitiak.

Sakanako Bizikleta Egunean ez da derrigorrezkoa ibilbide osoa egitea. Nekatuz gero, bakoitzak nahi duen unean utzi ahalko du bidea. Horretarako daude kamioiak eta ibilbide atzetik doan autobusa. Badaude ibilbidera atsedenaldian gehitzen direnak, bukaeraraino, ibilbidearen lehen zatia egiten dutenak, euren herrietan batzen direnak… denetatik. Erraztasun guztiak daude parte hartzeko.

Autobusak eta kamioiak
Proba ez lehiakorra hasi baino lehen, autobusak eta kamioiak herriz herri joango dira izena eman dutenak eta euren bizikletak norberaren herrian jasotzera, Irurtzunera eramateko. Aurten 3 autobus izanen dira eta beste horrenbeste kamioi, ibilbidea jarraituko duen beste kamioi txiki batekin batera.

Autobus eta kamioi bat 7:45ean abiatuko dira Ziorditik, gero Olatzagutia, Altsasu, Urdiain, Iturmendi eta Bakaikutik pasatzeko eta Irurtzunera jotzeko. Beste bana goizeko 8:00etan aterako dira Etxarritik, Ergoienatik pasa ondoren Arbizura joan eta handik Irurtzunera heltzeko; eta azkenak goizeko 8:00etan aterako dira Lakuntzatik, Arruazu, Uharte Arakil, Irañeta, Ihabar, Hiriberri eta Etxarrenen geldialdiak egin eta gero, Irurtzunera iristeko. Eta proba bukatzen denean, Altsasutik, kontrako bidea egingo dute autobusek, parte-hartzaileak euren etxeetara eramateko.

Beraz, dena prest dago Sakanako bizikletaren festa handirako, eta badirudi ere eguraldi onak ere presente egon nahi duela, eguzkia iragartzen baitute. Gure paisaia, txoko, xenda, bide eta monumentu ikusgarriez gozatzeko hobeto. Hain zuzen ere horregatik aurreratu zuten Bizikleta Eguna irailera, eguraldia bermatzeko. “Eta egia esan ordutik urte gehienetan ona egin du” adierazi zuten aurkezpenean.

Omenaldia
Bizikleta Egunaren 25.urteurrena denez, egunaren hasieran ekitaldi txikia egingo du Mank-ek, “bereziki 25 urte hauetan Sakanako Bizikleta Eguneko sortzaileei, laguntzaileei eta urte askotan parte hartu dutenei eskerrak emateko. Oso xumea izango da, baina eskerrak ematea garrantzitsua da guretako” gaineratu zuen kirol teknikariak.