Europako diru-laguntzak eskatzeko deialdia eginda

Guaixe 2018ko ira. 30a, 12:50

Tokiko erakunde publikoek, enpresek, kooperatibek, fundazioek, elkarteek eta partzuergoek eska ditzakete.

Cederna-Garalurrek jakinarazi duenez, Landa Garapenerako Programaren barruko 2014-2020 Tokiko Garapen Parte-hartzailerako Estrategiara proiektuak aurkezteko deialdi berria zabalik da. Tokiko garapena sustatuko duten proiektuak laguntzeko diru-laguntza horiek 1,08 milioi euroko diru-poltsa banatuko du. Europako Feader funtsetik eta Nafarroako Gobernutik heldu da dirua.

Diru-laguntza deialdi horretara aurkezten diren proposamenak aipatu estrategian identifikatutako ardatzekin bat egin beharko dute; hauetakoren batekin: herritarrak tokian mantendu eta finkatu; lehen sektorea eta basogintza; natura-baliabideak; zerbitzuak garatu eta ondareari balioa eman eta enpresak finkatzen eta enplegua sortzen lagundu.

Erakunde publikoek eta pribatuek aurkeztu ditzakete laguntza eskaerak deialdi horretara. Ekoizpen proiektu bat bada, hau da, zuzeneko ekonomia mozkina ekarri edo lanpostu berriak sortzen baditu, %30 finantzatuko da. Nafarroako Mendialdeko zerbitzu publikoak eta biztanleen bizi-kalitatea hobetzeko lehentasuna duten proiektuei, ekoizpenekoak ez diren proiektuei, % 70eko diru-laguntza emanen zaie.

Interesa duten erakundeek azaroaren 19ra arte aurkeztu ditzakete euren eskariak. Argibide gehiago nahi dituenak 669 704 506 edo eelso@cederna.es jo dezake (Edurne Elso). www.cederna.eu web orrian ere izanen ditu.

Nafarroako Mendialdea 2014-2020 Landa Garapeneko Programa martxan jartzeko Garalurrek Nafarroako Gobernuarekin hitzarmena sinatu zuen 2016an. Ordutik 3. deialdia da hau.