Aralarko santutegian jendetza espero da bihar

Guaixe 2018ko ira. 28a, 11:14
Umea Aralarko aingerua gurtzen. Argazkia: Nerea Mazkiaran.

Aurten San Migel eguna larunbatarekin egokitu da. Egun horrek berez jendetza erakartzen du Aralarko santutegira. Baina jai eguna izanik, bihar Aralarren makina bat fededun eta sainduari debozioa diotena elkartuko direla aurreikusten da. Aralarko Deun Mikel Goiaingeruaren kofradiak jakinarazi duenez, santutegiak bost meza hartuko ditu bihar: 09:00etan, 10:0etan, 11:00etan, 12:30ean (meza nagusia) eta 18:00etan. Elizkizun bakoitzaren ondoren nahi dutenek Aralarko aingeruaren irudia gurtzeko aukera izanen dute.

Urtero moduan, Aralarko santutegiak defuntu meza hartuko du. Igandean izanen da, 12:30ean. Elizkizun hori aurten hil diren santutegiaren aldeko kofrade, anaiarteko eta ongile guztien oroimenez izanen da. Mezan Gaudeamus gregoriar abesbatzak kantatuko du. Talde berak gregoriar-bezperak abestuko ditu santutegian, 17:00etan. Elizkizunaren ondoren fededunek aingeruaren irudia gurtzeko aukera izanen dute.