ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU eta CGT sindikatuek lan-istripuen igoeraren aurrean kezkatuta, lantokietan salaketa eguna antolatu dute gaurko. Gainera, bihar, Iruñeko autobus geltoki zaharretik 18:30ean abiatuko den manifestazioan parte hartzera deitu dute. Ekimen horiek prekarietatea = arrisku mortala. Gure osasunaren eta bizitzaren defentsan lelopean eginen dira.
Sindikatuek azaldu dutenez, "lan-ezbeharrak ekonomia-jarduera eta langile kopurua baino gehiago hazten ari dira. Azken hamarkadan ehundik gora heriotza eragin dute lan istripuek". Zazpikoteak gaztigatu duenez, lan-istripu ugari estatistika ofizialetik kanpo gelditzen dira: autonomoenak, garraiolarienak eta lantokirako bidean direnak. Lan-gaixotasunek eragindakoak ere ugariak direla nabarmendu nahi izan dute.
Ekimen horiekin sindikatuek enplegu duina eta kalitatezkoa eskatuko dute, "prekarietatea eta enpleguaren kalitate eskasa daude istripuen oinarrian". Aldi berean, "lan-osasun politikak errotik aldatzea" nahi dute, egungoak "eraginkorrak ez direla frogatu" delako. Lan-osasunera bideratutako ekonomia-baliabideak handitu eta horiek politika errealetara bideratzea eskatu dute. Horrekin batera, sindikatuek enpresen gaineko kontrola handitzea eskatu dute. "Lan-istripu gehienak harrapaketa edo erorketen ondorioz gertatzen dira. Jarduera arriskutsuen jarraipena egiteko lan-ikuskaritzaren eskumena Nafarroara eskualdatzea" exijitu dute. Arlo horretako giza-baliabideak Europakoen pare izatea eskatu dute ere. Azkenik, lan-gaixotasunendako Nafarroako babes-sozialerako esparru propioa garatzea nahi dute.