Euskararen erabilera handitzeko azaroaren 23tik abenduaren 3ra eginen den ariketa da Euskaraldia. Sakanako 10 herrik dagoeneko izena eman dute eta ariketa ezagutarazteko eta herritarrak izena ematera animatzeko ekimenak antolatzen hasiak dira. Gaur, esaterako, Uharte Arakilgo festak hasten direla eta Euskaraldian izena eman nahi duten uhartearrek horretarako aukera izanen dute 19:00etatik 21:00etara, plazan. Olatzagutiko festen barruan, berriz, Euskaraldiko photocalla eginen da bihar 13:00etan eta 20:30ean. Bestetik, San Migel ospakizunekin batera, Arbizun Euskaraldiaren aurkezpena eginen dute bihar, 20:00etan.
Bestalde, Altsasuko Euskaraldiko taldeak jakinarazi du Gure Etxea eraikinean bilduko dela ostiralero, 19:00etan. Azkenik, Arakilen erabaki dute Euskaraldian izena ez ematea, herri txikiak izanik taldea sortzea zail ikusten zutelako. Hala ere, arakildarrek Euskaraldian parte hartzeko aukera izanen dute, Irurtzunen izena emanda. Izan ere, Arakilgo Udala Aizpea, Irurtzungo euskaltzaleen topagunearekin harremanetan dago eta Irurtzunen egiten diren ekitaldietan arakildarrek parte hartzeko aukera dute.
Izen emateko, hemen.