Sakandar bat euskara batuaren sorreran

Guaixe 2018ko ira. 29a, 09:30
Euskaltzaindiako kideak Arantzazun 1972ko garilaren 29an. Argazkia: Wikipedia.

Euskara estandarraren, batuaren, 50. urteurrena ospatzeko Euskaltzaindia Arantzazura bueltatuko da ostegunean. Hiru eguneko biltzarra prest du. Batuaren mugarri izan zen 1968ko biltzar hartan sakandar bat izan zen: Jose Mari Satrustegi.

1967. urtea. Frankismo betea. Euskaltzaindiko buru Manuel Lekuonak telefonoa jaso eta akademiako hiru kideri hots egin zien. "Bihar premiazko bilera!" Ez zien argibide gehiago eman. Trenez iritsi zen Zumarragara. Hitzordua 09:00etan zen eta han zituen zain Lekuona bera, Koldo Mitxelena eta beste euskaltzain bat, litekeena da Luis Villasante izatea. Haiekin beste gizon bat dago, Madrildik propio etorria eta aurkezpenak egin dituzte: "Satrustegi, Serra Estruch da jaun hau, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioko funtzionarioa". Gizalegez elkar agurtuko zuten. Boskoteak geltokia utzi eta Urretxuko komentu baterantz jo dute, bilera egiteko toki egokia baitute han. Goiz guztia emanen zuten han hizketan.

Funtzionarioak honako mezua eman zien lau euskaltzainei: "euskararen dialektoen, azpidialektoen eta aldaeren zatiketak arrisku larrian jartzen du hizkuntza beraren biziraupena. Egoera horrek etorkizunean konponbide zaileko arazoak sortuko ditu hezkuntzan eta hedabideetan". Adibidea ere jarri zien, "euskara irakaskuntzan ezarriz gero, testu-liburuak euskalki bakoitzean egitea zaila izateaz aparte oso garesti litzateke". Euskal Herri guztirako ariko ziren hedabideen sare bat bideragarria ez litzatekeela izanen ere gaztigatu zien. Funtzionarioak euskaltzainei euskara batzearen premia azpimarratu zien, etorkizuneko erronkei bermeekin erantzuteko bidea hura zela ziurtatuz.

Egoera deserosoan gelditu ziren euskaltzainak. Egoerari laztasuna kentzeko bazkaldu ondoren Serra Estruchek gehitu nahi izan zuen bera katalana zela. Bilera bukatuta bidea alderantziz egin zuten eta erregimeneko funtzionarioa tren geltokian agurtu zuten. Lau euskaltzainak nasan zeudela Lekuonak zehatz eta arin esan zuen: "Koldo, berehala hartu beharko duzu horren ardura". Mitxelenak entzun eta isil, baiezko biribil.

Satrustegik berak Fontes Linguae Vasconum aldizkariaren 90. zenbakian idatzia utzi zuen moduan: "topaketa bueltarik gabeko bide baten abiapuntua izan zen". Jakina da Euskaltzaindiaren sorreratik beretik, 1918an, euskara estandarraren gaia mahai gainean izan zutela euskaltzainek eta euskaltzaleek.

Hizkuntzaren Akademiak 50 urte bete behar zituen 1968an eta lurralde guztiak hartuko lituzkeen ospakizun egutegia prestatu nahi zuen. Baina euskal idazle gazteek batasunaren beharra premiazkoa jotzen zuten. Gabriel Arestik hala eskatu zuen Euskaltzaindian. Aipatu bilerak ere eragina izan zuen. Azkenik, akademiak 1968an hizkuntzaren estandarizazioari heltzea onartu zuen.

Arantzazuko batzarra
Gipuzkoan salbuespen-egoera ezarri zuen Franco diktadoreak. Baimenik gabe bi pertsona baino gehiago elkartzea debekatuta zegoen. Baina akademiak beharrezko baimenak lortu zituen. Euskaltzaindiaren Kongresua lastailaren 3an, 4an eta 5ean izan zen, Arantzazun. Euskararen estandarizazioa, batua, zen aztergaia.

Satrustegik beste egiteko batzuk zituen eta, zailtasunak-zailtasun (salbuespen egoeraz aparte ez zuen autorik), batzarrera lehen orduan joateko asmorik ez zuen. Lehen hizlariak bere jardunaren erdia esana zuela iritsi zen bilera gelara. Hura despedituta batzarreko mahai burutik Alfonso Irigoienek jakinarazi zion moderatzaile izan behar zuela. Satrustegi, ezustekoagatik pixka bat nahastuta, kontra egin zuen: "ez dut prestakuntza lanetan parte hartu, programatutako gaien inguruko ideiarik ere ez dut". Lekuona euskaltzainburuak erantzun zion: "hori bera nahi dugu. Zure egitekoan hotza izan". Beraz, Satrustegi Arantzazuko batzarreko moderatzailea izan zen.

Mitxelenak prestatutako txosten teknikoaren aurkezpena zen guztiek entzun nahi zutena. Bildutakoen arreta bereganatu zuen. Ortografiari buruzkoa zen (morfologia, deklinabidea eta neologismoak ere batzarreko gai zerrendan zeuden). Mitxelenaren tesien aldekoen eta kontrakoen arteko eztabaidak sutsuak izan ziren. Satrustegik ikusi zuen giro hartan ezin zela inolako adostasunik lortu. Defentsa bitarteko gisa, jendea baretzeko, eten labur bat egitea proposatu zuen. Eta iradoki zuen bitarteko bide bat hartzea, etapaka ezarriko zena. Eta Mitxelenak ahopetik: "azoka kontua al da?" Etortzen zitekeenaz salbu gelditzearekin konforme gelditzen zela erantzun zion arbazuarrak. Atsedenaldian biak iritzia trukatzen ari zirela Aresti agertu eta Satrustegik bileran izandako jarreraren kontra gogor egin zuen. Haren iritziz, amore emangarria eta etsigarria zen. Mitxelenak aurre egin zion. Lehenik galdetu zion bileran zegoen edo aditzera zuen. Ez zela egon erantzun zuen Arestik. Mitxelenak isiltzeko eskatu zion, haren iritziz Satrustegiren jokabideak egoera salbatu zuelako. Azkenik lortu zuten ondorio bateratzaileak onartzea. Baina H hizkiaren polemika mahai gainean geldituko zen.

Gaur egun hain normala iruditzen zaigun euskara batuaren oinarriak han jarri zituzten. 10 urteko epea eman zuten arauak euskara idatzian jasotzen ziren edo ez ikusteko. Satrustegik batzarrean parte hartu zuen eta euskara batzeko lanetan segitu zuen.



Satrustegik euskaltzain kargua Luzaiden hartu zuen 1963ko irailaren 15ean. Argazkia: Bidegileak bilduma.

Arbazuarra euskaltzain
Jose Mari Satrustegi Zubeldia 1957an izendatu zuten euskaltzain urgazle. 1963an euskaltzain oso kargua hartu zuen, Orixeri lekukoa hartuz. 1978tik 1992ra, 14 urtez Euskaltzaindiko idazkaria izan zen. 1979tik 1997ra, 18 urtez akademiako Nafarroako ordezkaria izan zen. Euskaltzaindiaren osoko bileretan eta Onomastika Batzordekoetan parte hartu zuen. Hiztegi Batuari ere ekarpenak egin zizkion. Akademiak Satrustegiren bizitzan garrantzi handia izan zuen. Andres Iñigok dioenez, bere bigarren familia izan zen akademia.



Hizkuntza estandarrerako bidean
• 1571 Joanes Leizarragak "Jesus Krist Gure Jaunaren Testamentu Berria"n premia azaleratu zuen.
• XVIII. mendea Joanes Etxeberrik Axularren euskara proposatu zuen.
• XVIII. mendea Literatur hizkuntza Gipuzkoako euskara.
• XIX. mendea Bizkaian eredu berezia sortu zen.
• 1918 Euskaltzaindiak sorreratik hizkuntza komuna helburu du.
• 30eko hamarkada.Resurreccion Maria Azkuek gipuzkera oinarritzat hartzea proposatu zuen
• 40ko hamarkada Iparraldean nafar-lapurtera zen eredua.
• 1963 Txillardegiren gidaritzapean Euskal Idazkaritza sortu zen.
• 1964 Baionako Biltzarrean erabakiak hartu ziren.
• 1968 Ermuko bilera Gerediagak antolatuta.
• 1968 Euskaltzaindiaren Arantzazuko batzarra.



Euskaltzaindia, bi ospakizun elkarrekin
Euskaltzaindia sortu zela mende bat bete da aurten eta hori ospatzeko akademiak aurten hasi eta heldu den urtean segida izanen duen egitarau zabala prestatu du. Horren barruan euskara batuaren 50. urteurrena ezin zen falta. Euskaltzaindiaren XVII. Biltzarra, nazioarteko jardunaldia, ostegunean hasi eta larunbatean despedituko da. Doakoa da eta www.euskaltzaindia.eus web bidez zuzenean ikusteko aukera izanen da.

Hiru egunetan hainbat gai izanen dira hizpide: euskara batuaren sorrera eta ibilbidea, hainbat arlotan dituen etorkizuneko erronkak, beste hizkuntzen estandarizazio prozesuak eta onartutako komunikazioen aurkezpenak. Ostiralean, 10:00etan, euskara batuaren geografiak saioa izanen da. Hiru administrazio eremuetan zein den egoera aztertuko dute. Castillo Suarez izanen da moderatzailea.

Erlazionatuak