Ezkurdia eta Zabaleta Codere Masterseko finalera, justu-justu

Guaixe 2018ko ira. 28a, 11:10
Binakako finalaren berredizioa izango da biharko Codere Masterseko finala.

Soilik tanto baten aldearekin irabazi zieten Urrutikoetxeari eta Julen Martijari. Biharko Codere Masterseko finalak Navarra Arenako pilotalekua mustuko du (18:00, ETB1) eta sakandarrek Elezkano eta Rezusta izango dituzte aurkari, Binakako finalean bezala

Atzo Codere Masterseko bigarren finalerdia jokatu zen Labriten. Ezkurdiak eta Zabaletak Urrutikoetxea eta Martija izan zituzten aurkari. Jokoan asko zuten: larunbatean Navarra Arenako frontoia mustuko duen Codere Masterseko finalean Elezkano II.aren eta Rezustaren kontra jokatzea.

Partida ikusgarria izan zen, bi bikoak bikain aritu zirelako. Urrutikoetxea eta Martija aurreratu ziren hasieran. Martijak eta Zabaletak maila berean jokatu zuten eta lehia oso estua izan zen bi atzelari arakildarrena. Baina Ezkurdiak eta Zabaletak garaiz erantzuten jakin zuten eta partida berdindu zuten. 16-ra berdintzea lortu zuten eta hortik guztiz irekia geratu zen partida. Urruti eta Martija 20 eta 18ra aurreratu ziren, baina nekea nabaritzen hasi zitzaien pilotariei, eta aurrelari bizkaitarrak bi akats egin zituen. 21-eko berdinketaren ondoren, Ezkurdiaren gantxo ikusgarri batek eman zien sakandarrei Codere Masterseko finalera sailkatzeko txartela.

Horrela, Binakako finalaren berredizioa ekarriko du Codere Masterseko biharko finalak: Ezkurdiaren eta Zabaletaren eta Danel Elezkanoren eta Beñat Rezustaren kontrakoa. Bihar jokatuko da final handia, Navarra Arenako frontoiaren mustutzearekin batera, 18:00etan hasiko den jaialdian (ETB1). Ea Binakako txapela ekarri zuten moduan, gure pilitaruek Codere Masterseko trofeoa ekartzen duten.