Gorputzaren inguruan dauden planteamendu feministen historia ezagutzeko aukera

Guaixe 2018ko urr. 1a, 18:20

Mari Luz Esteban Galarza. Argazkia: www.oihaneder.eus

Mari Luz Esteban Galarzak bihar, asteartea, 19:00etan, Iortia kultur gunean argibideak emanen ditu.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Emakume sortzaileak Gorputzak eta Generoa programa antolatu du. Egitarauko bigarren saioa Altsasun izanen da bihar. Mari Luz Esteban Galarzak gorputzaren inguruan dauden planteamendu feministen historia laburra eginen du, azken hamarkadetan gure gizartean gertatu diren ikuspegi, eztabaida eta aldaketak azpimarratuz. Horretarako, kontuan hartuko ditu bere lanen gaiak eta gai horiek bere karreran zehar nola agertu diren zernahi formatu eta estilotan, alde akademikoan nola poesian. Estebanekin iritziak trukatzeko aukera izanen dute bertan parte hartzen dutenek. Entzuteko desgaitasuna duten pertsonendako egokituta dago saioa.

Mari Luz Esteban Galarza Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntzako lizentziaduna eta Bartzelonako Unibertsitateko Antropologiako doktorea da. Gaur egun, EHUko Antropologia Sozialeko irakaslea da. Hainbat liburu argitaratu ditu, besteak beste, Género, itinerarios corporales, identidad y cambio (2004); Crítica del Pensamiento Amoroso (2011) o La muerte de mi madre me hizo más libre (2017). Aktibismo feministan bide luzea egindakoa da, eta emakumezkoen zernahi eki-men sozialetan eta kolektibotan hartu du parte.

Zikloaz
Nafarroako Berdintasunerako Institutuak IPESekin elkarlanean antolatu du zikloa. Hiru hitzaldiren bidez emakumezkoek ikerketan, irakaskuntzan, kulturan egindako ekarpenak ikustarazi, zabaldu eta transmititu nahi dute. Helburua, erreferenteak sortzea eta berdintasuna sustatzea. Zikloan parte hartuko duten emakumezko entsegu-egileek emakumezkoen gorputzari, jendartearen eboluzioari eta   gorputzen eta genero identitateei buruzko gizarte eta historia aldaketak izanen dituzte hizpide.

Beste bi hitzaldik osatzen dute zikloa. Boterearen mikrofisika sexista: Alcasserko kasua eta sexu-terrorearen eraikuntzaz aritu zen Nerea Barjola Ramos irailaren 25ean Iruñean. Zikloa ixteko Rosa Mª Rodriguez Magadak gorputza teknologia eta feminismo postgeneroak hitzaldia emanen du hiriburuko Pio XII. Etorbideko Civicanean, heldu den asteartean, hilak 9, 19:00etan.