Codere Mastersean errebantxa hartu zuten Elezkanok eta Rezustak

Guaixe 2018ko urr. 1a, 12:25

17 eta 22 irabazi zieten Ezkurdiari eta Zabaletari Navarra Arena ikusgarria mustu zuen finalean. Gaur Soriako San Saturioko finala jokatuko dute Ezkurdiak eta Aretxabaletak Irribarriaren eta Zabaletaren kontra

Larunbatean jokatu zen Codere Masterseko finala Navarra Arena ikusgarrian. Aretoa beteta zela -3.000 pertsona– eta  mustutze ekitaldien ondoren, finalaren txanda iritsi zen: Binakako finalaren berredizioa: Ezkurdia-Zabaleta / Elezkano II.a-Rezusta.

Lau pilotariak txundituta zeuden frontoiarekin, horren handia izanda ere, pilota zaleen gertutasunarekin, eta euren onena eman nahi zuten. Baina, tamalez, sakandarrak ez ziren aritu azkenaldian ohi duten fin eta Binakako errebantxa lortu zuten, aldiz, Elezkanok eta Rezustak. Egia esan, frontoi berria zela nabaritu zuten pilotariek, frontoiak egiten zituen estrañoetara eta ezker paretan jo eta gero pilotak egiten zuen beherakadara, eta atzeko koadroetan material gehiago faltan bota zuten pilotariek.

Ez zen partida ona izan, akats ugari egin baitzuten pilotariek –Ezkurdiak 8, Zabaletak 7, Elezkano II.ak 6 eta Rezustak 2–. Elezkano II.a eta Rezusta aurreratu ziren, hain zuzen ere Zabaletak egindako akatsengatik. Etxarrengo atzelariari kosta egin zitzaion partidan sartzea. Sakandarrek berdintzea lortu zuten, lautan –3 eta 3, 7 eta 7, 9 eta 9 eta 10 eta 10–, eta parez pare ibili ziren tarte batean. Baina Elezkano eta Rezusta gutxinaka aldea ateratzen hasi ziren eta 14 eta 15etik 14 eta 21era joan ziren zuzenean, 6 tanto egin baitzituzten jarraian, sakandarren akatsak tarteko. Ezkurdiak eta Zabaletak ongi erantzun zuten eta 3 tanto egin eta gero 17 eta 21 gerturatu ziren, baina Elezkanok eta Rezustaren alde erori zen azken tantoa eta 17 eta 22 irabazi zuten bizkaitarrak eta gipuzkoarrak, Binakako Txapelketako errebantxa lortuaz eta Codere Mastersa irabaziaz. Rezusta izan zen finaleko pilotaririk onena.

Ezkurdiak onartu zuen “hunkituta” atera zela kantxara, eta egun segnalato horretan irabazi ez izanak “pena sandia” eman ziola.

Zabaleta eta Ezkurdia, gaurko San Saturioko finalean
Gaur Soriako San Saturioko finala jokatuko dute Zabaletak eta Irribarriak, Ezkurdiaren eta Aretxabaletaren kontra, gaueko 21:30ean hasiko den jaialdian.

Finalerako sailkapena atzo lortu zuten Zabaletak eta Irribarriak, Olaizola II.ari eta Imazi partida oso gogorrean 14 eta 22 irabazi eta gero. Bezperan ez zuen bere maila eman Etxarrengo atzelariak eta Sorian, aldiz, bikain aritu zen. 14-ko berdinketara arte ongi eutsi zuen Imazek, baina hortik aurrera Zabaleta izan zen jaun eta jabe. Eta Iker Irribarriak ere ongi asmatu zuen aurrean.

Finala Altunak eta Aretxabaletak jokatu beharra zuten, baina Altuna min hartuta dagoenez, Ezkurdiak hartuko du bere tokia. Zabaletak hirugarren partida jokatuko du jarraian.

Lau t´erdia gaur aurkeztu dute
Gaur aurkeztu dute ostiralean Altsasun abiatuko den Lau T’erdiko Txapelketa, Bilbon. Joseba Ezkurdia izango da lehian hasiko den pilotaria, gaurko aurkezpeneko zozketan egokitzen zaion pilotariarekin.