Lau t’ erdiak botileroen polemika ekarri du

Guaixe 2018ko urr. 2a, 13:37

Ostiralean hasiko da Lau t’erdiko txapelketa, Altsasun. Ezkurdia izango da sakandar bakarra eta arbizuarrak eta Agirrek bihar egingo dute material aukeraketa, Burunda frontoian, 13:30ean. Pilotariek ez dute botileroen laguntzarik izango

Astelehenean aurkeztu zuten, Bilbon, Lau t’ erdiko Pilota Txapelketa. 12 pilotarik hartuko dute parte eta Joseba Ezkurdia izango da ordezkari sakandar bakarra. Final-zortzirenekin hasiko da Lau t’erdiko Txapelketa, hain zuzen ere Joseba Ezkurdiak Axier Agirreren kontra ostiralean Altsasuko Burunda pilotalekuan jokatuko duen partidarekin. Bestalde, larunbatean Labritek bi partida hartuko ditu: Retegi Bi Victorren kontra ariko da eta Elezkano II.ak Irribarria izango du aurkari. Eta, azkenik, igandean Jaka Arteaga II.arekin lehiatuko da Tolosan.

A multzoko irabazleek, hau da, Ezkurdia-Agirre eta Retegi Bi-Victor partidetako garaileek, Altuna III.a eta Olaizola II.a izango dituzte zain final-laurdenetako ligaxkan. Eta B multzoko irabazleek, hau da, Elezkano II.a-Irribarria eta Jaka-Arteaga II.a partidetako garaileek, Urrutikoetxea eta Bengoetxea VI.a. Agirre izan ezik, lau t’ erdian lehiatuak dira gainontzekoak. Multzo bakoitzeko ligaxkan sailkatutako bi biko onenak azaroaren 3an Labriten eta Azaroaren 4an Bilbon jokatuko diren finalerdietarako sailkatuko dira. Eta final handia azaroaren 18an hartuko du Nafarroa Arenak. Aurretik, azaroaren 10ean, 3. eta 4. postuetako finala jokatuko da.

Altuna III.ak ezin izan zuen ziurtatu ariko den hala ez. Amezketarrak bi aste ditu osatzeko. “Oraintxe bertan ez nago jokatzeko moduan, eta hemendik bi astera ikusiko dugu. Saiatuko naiz nire aldetik dena jartzen” aipatu zuen gipuzkoarrak.

Botilerorik gabe
Polemikarekin dator aurtengo Lau t’erdiko txapelketa. Aspek eta Asegarcek azaldu zuten txapelketan botilerorik ez dela egongo, pilotariak bakarrik egongo direla kantxan. Erabakia bertan jaso zuten pilotariek eta gehienei ez zitzaien ongi iruditu. “Batzuetan egokiak ez diren botileroak azaltzen dira, edo ez dute era egokian lan egiten. Enpresa ez da inor esateko zein den botilero egokia eta hortaz, eztabaida horretan ez sartzeko erabaki dugu botileroak kentzea” azaldu zuen Aspeko zuzendari komertzial Iñaxio Errandoneak. Bi enpresen arteko norgehiagoka denean, enpresako teknikari bat jarriko dute botilero lanetan, baina enpresa bereko pilotarien arteko partidetan ez da botilerorik izango. Binakako partidetatik ere kendu dituzte.

Pilotari gehienak kexu azaldu ziren, Joseba Ezkurdia tartean. “Ez digute iritzia eskatu. Ni neu gusturago nago aldamenean norbait dudanean laguntzeko eta animoak emateko. Erabakiak gogaitu egiten nau, baina ohitu beharko dugu” azaldu zuen arbizuarrak.

Ezkurdia vs Agirre, ostiralean Altsasun
Ostiralean Joseba Ezkurdiak Axier Agirre izango du aurkari Burundan, 22:00etan hasiko den jaialdian (ETB1). Jaialdia zabalduko duen partidan Mendizabal III.arekin ariko da Ladis Galarza, P. Etxeberriaren eta lau t’erdian ariko ez den Julen Martijaren kontra.

Axier Agirrek Lau T’erdian debutatuko du. “Jauzi handia da, erronka gogorra, baina ilusio handiarekin nator. Dudan onena emango dut” aitortu zuen. Joseba Ezkurdia da txapelketan aurrera egiteko faboritoa, baina ostiraleko partidak erabakiko du hori. Material aukeraketa bihar egingo dute, asteazkenean, 13:30ean, Burunda pilotalekuan.

Ostiraleko jaialdiko sarrerak aurretik salgai daude Aspeko 667 487 273 telefonoan. Bestela, egunean bertan erosi ahalko dira, Burundako txarteldegian.