Iban Resano txapeldun

Guaixe 2018ko urr. 2a, 15:01
Argazkiak: Ttipi-Ttapa.

Nafarroako II. Mailako Aizkora Txapelketa irabazi zuen, Igantzin

Igantzik Nafarroako II. Mailako Aizkora Txapelketako finala hartu zuen igandean. Bost aizkolari lehiatu ziren, eta bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat erdibitu behar izan zituzten. Iban Resano dorrobarrak eta Asier Pellejerok lehia estua izan zuten eta azkenean dorrobarra gailendu zen (19:00), Aresoko Asier Pellejerori 16 segundo atera eta gero (19:16). Hortaz, Iban Resano dugu bigarren mailako txapelduna, eta bera eta Pellejero mailaz igo dira eta hurrengo denboraldian Nafarroako I. Mailan arituko dira.

Goizeder Beltza etxarriarra hirugarrena sailkatu zen (20:43) eta ez zuen mailaz igotzea lortu, Nafarroako II. Mailan jarraituko du. Jesus Etxeberria (Beintza Labaien) laugarrena sailkatu zen (21:17) eta Mikel Indakotxea (Zubieta) bosgarrena (23:45).


Nafarroako II. Mailako Aizkora Txapelketa irabazi eta gero, Iban Resanok ez du atsedenik hartuko. Izan ere, igandean, urriaren 7an, Euskal Herriko II. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa jokatuko da Durangoko Landa Kirol gunean, Landako I.go Barrio aretoan, 12:00etatik aurrera. Bertan arituko diren aizkolarien artean egonen da Iban Resano. Berarekin batera Arkaitz Jauregi, Eloy Corchero, Jesus Mari Mujika, Aratz Mugertza, Luis Mari Txapartegi, Juan Jose Lopez, Oihan Larretxea, Julen Kañamares, Jose Antonio Etxeberria, Oier Kañamares eta Asier Pellejero aizkolariak arituko dira. Aizkolari bakoitzak moztu beharreko enborrak: hiru kanaerdiko, 60 ontzako bat eta oinbiko bat.

Lehen sei postuetan sailkatzen diren aizkolariak lortuko dute azaroaren 4an Iurretan jokatuko den final handirako txartela.