Santanderren BTT ibilaldia antolatu du Mank-ek

Guaixe 2018ko urr. 4a, 12:04
Aurreko irteeretako bat.

Azaroaren 4an izango da eta 14 urtetik gorakoek eman ahal dute izena 35 km-ko ibilbide ederrean

Sakanako Mankomunitateak, Barranka Txirrindulari Taldearen eta Nafarroako Gobernuaren laguntzaz BTT edo mendi ibilbide zoragarria antolatu du azaroaren 4an Santanderren, Sanandereko badian. Ibilbidea oso polita izango dela ziurtatu digu Mank-eko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak. “Las Llanasa ibarreko partea, Sanandereko badia, Magdalena jauregia, Sardinero hondartza, itsaslabarretik Cabo Mayorrera, Las Marucas kostatik jarraitu eta atzera ere Las Llanasera iritsiko gara. Ibilbide zirkularra da” adierazi du. 35 km-ko buelta da, zailtasunaren aldetik erraza-ertaina, 250 metroko desnibela duena. Bertan bazkalduko dute partaideek.

14 urtetik gorakoek eman ahal dute izena, azaroaren 1a baino lehen, Mank-eko Kirol Zerbitzuan (948 464 866 edo kirolak@sakana-mank.eus). Prezioa: 10 euro. Autobusa goizeko 6:30ean aterako da Altsasuko autobus geltokitik.