Ibarrean dauden hegaztiak ezagutzeko aukera

Guaixe 2018ko urr. 3a, 19:49
Lertxuna ibaian.

Hitzaldiak eta bisita gidatuak antolatu dituzte asteburu honetarako eta bi aste barrurako.

Txori guztiak berdinak ez direla gauza jakina da. Bata bestetik desberdintzeko tamainari, koloreari, gorpuzkerari edota hegan egiteko moduari erreparatzea nahikoa da. Beste kontu bat da txori bakoitza bere izenaz izendatzea eta hegazti bakoitzaren ohituren berri izatea. Horretan trebatu nahi dutenek Sakanako hegaztiak ezagutu doako ornitologia jardunaldiak dituzte. Bi asteburu hartuko dituzte jardunaldiek eta bina hitzaldiz eta irteera gidatuz osatuta daude. Mirua enpresa lakuntzarraren ardura da jardunaldiak antolatzea. Dohainik bada ere, izena ematea ezinbestekoa da. Horretarako info@mirua.com e-postara idatzi edo 608 560 369 telefono zenbakira hots egin behar da. Saioak Miruako Gorka Gorospe ornitologoaren ardura izanen dira. Sakanako Garapen Agentziak antolatu ditu jardunaldiak, Lakuntzako Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntzaz.

Bestalde, Ebroko deltako ornitologia jaialdian presente izan zen Mirua enpresa iraileko hirugarren asteburuan. Stand batean bere jardunaren berri emateaz aparte, Sakanako turismo baliabideen berri eman zuen. Miruak ibarraren bideo-aurkezpena egin zuen ere.


Egitaraua
Lastailak 5, ostirala
18:30etik 19:45era Sakanako ornitologia aberastasuna. Habitat ugaritasuna du ibarrak eta haietako bakoitzean zer opatu dezakegun, noiz eta nola behatu azalduko da.

Lastailak 6, larunbata
09:30etik 13:00etara Basoetako eta zelaietako hegaztiak. Bezperako hitzaldian aipatutakoa praktikan jartzeko 3 orduko pasia eginen dute.
 
Lastailak 19, ostirala
18:30etik 19:45era Hegaztien eta miruen migrazioa Sakanan. Uda akaberan eta udazkenean eguraldi baldintza hobeen bila jotzen dute hegazti ugarik, ibarretik pasaz eta bertan geldituz. Azaroan Europa erdialdeko miru gorriak iristen dira eta Sakana haiek ikusteko toki aparta bihurtzen da.

Lastailak 20, larunbata
09:30etik 13:00etara Migrazio-hegaztiak. Bezperan hitz egindako hegaztiak pasan, atseden hartzen edo baso eta zelaietan elikatzen ikusteko ibilaldia.  
16:30etik 19:00etara Miru gorriak Sakanan. Bezperan azaldutakoa aurrez aurre ikusteko aukera ibarrera iritsitako aurreneko miru gorriak behatuz.